Heldu den astelehenetik eta hiru astez, Hendaia eta Urruñako Zokoa arteko erlaitzako edo korniseko errepidea itxi egingo dute esperimentazio gisa. 2020ean emandako aurreneko luizi garrantzitsuaren ondotik, azken urteetan zenbaitetan itxi egin behar izan dute. Azken aldia 2023ko azaroan izan zen. Orduan 10 egunez itxita egon ondotik, Geotec enpresak droien bitartez egindako azterketa geologikoek Hendaia eta Ziburu arteko kostaldeko RD 912 errepidea segurua zela ondorioztatu zuten, eta berriz ideki zuten zirkulazioarentzat. Aldiz, Jean Jaques Laserre departamenduko presidenteak ohartarazi zuen epe luzera alternatibak aztertu beharko zirela. Eta gogoeta horretan murgilduak dira departamendu mailan.
Gogoan hartu behar baita, klima aldaketaren ondorioz itsasoaren lerroa aldatzen ari dela, eta itsasbazterraren baldintza geologikoarengatik ez dela egonkorra. Hortaz, erlaitzako bidea kostaldetik aldendu eta hiru gune zehatzetan barnerago berregiteko proiektu bat ikertzen hasi dira aterabide posible bezala. Baina gutxienez 80 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke horrek, eta ez da epe laburrerako alternatiba. Hendaia eta Urruñako auzapezak ere arrangura azaldu izan dute azken urteetan epe laburreko konponbiderik ez dagoelako. Eta oso kritikoak izan dira tarteka bidea hesteko hartutako erabakiekin.
Iker Elizalde, EH Baiko kontseilari departamentalak, aldiz, argi du garraio publikoa indartzea (autobus zein TER tren zerbitzua) edo A63 autobidea kitorik erabili ahal izatea aztertu beharreko alternatibak direla.
Maiatzaren 20tik aurrera, aldiz, esperimentazio gisa itxiko dute errepidea. Gainerako errepide sarearen zirkulazioan izan dezakeen ondorioa neurtu nahi dute. Autobideaz gain, Urruñatik doan lehengo errepide nazionala, oraingo D810 da itinerario alternatibo bakarra.