Bidasoa eskualdeko sektore turistikoaren beharrak ezagutzeko lan bilera eta bisita egin du Gipuzkoako Foru Aldundikko diputatu Azahara Dominguezek. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamenduko foru diputatua eskualdeko alkate eta turismo ordezkariekin bildu da. Eta indarguneak eta ahuleziak aztertzearekin batera, tokiko kultura eta tradizioak gorde eta turismo jasangarria bultzatzeko beharra izan dute hizpide.
Zentzu honetan, Bidasoa-Txingudira egindako bisitan, Cristina Laborda eta Igor Enparan alkateekin ez ezik, udal ordezkari eta turismoa sustatzen duen Bidasoa Bizirik garapen agentziako Estitxu Urtizberea eta Nuria Alzagarekin ere bilera egin du. Bisitan honetan, Irungo Oiasso Erromatar Museoa, Ama Xantalen ermita, eta Hondarribiko Alde Zaharreko Sagarrondoko parrokia edota Karlos V. Paradorean izan da.
Aldundiko ordezkariaren zazpigarren eskualde bilera izan da honakoa, eta Gipuzkoan barrena errondarekin jarraituko duela iragarri du. Sektore turistikoak eta profesionalek dauzkaten beharrak zeintzuk diren identifikatzeko lanean ari dela argitu baitu Azahara Dominguezek. «Eskualde bakoitzaren indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko lan egiten dugu eta, horretarako, eskualdeko eragileekin harreman zuzena izan behar dugu», adierazi du foru diputatuak. Iragarri duenez, turismoa desestazionalizatu eta deslokalizatzeko helburua du Gipuzkoako Foru Aldundiak, estrategia horrekin gipuzkoar gehiagok onura atera diezaioten lurraldera datozen bisitarien aberastasunari.