400 pertsona baino gehiagok izan dute Ficoban lan elkarrizketak egiteko aukera

Antxeta Irratia 2024ko mai. 24a, 10:36

Udazkeneko azken saioan baino lan eskaintza urriagoa bazen ere, udaberriko XXXI. Enpleguaren Astean eskualdeko 40 enpresek zerbitzuak, industria eta eraikuntza arloko 131 lanpostu betetzeko lan elkarrizketak egin dituzte Ficoban.

 

Bidasoa Bizirik garapen agentziak Enpleguaren Astearen XXXI. edizioa antolatu du Ficoban. Bertako enpresei behar dituzten langileen profila eskualdean topa dezaten batetik, eta bestetik lan bilaketa aktiboan dauden pertsonei lana aurkitzen laguntzeko deialdi hau urtean bitan antolatzen dute. Ondo errotutako ekimena da, eta udaberriko edizioaren lan-eskaintzak udako sasoilari postu gehiago biltzen baditu ere, orohar, sektore orotako lanpostuetarako lan elkarrizketak egiteko aukera eman ohi du. Joan den azaroaren 15ean ospatutako XXX. edizioan, 40 enpresa izan ziren parte hartu zutenak, oraingoan bezala. Baina aste honetan 131 lanpostu eskaintza bildu den bitartean, urrikoan orotara 450 lanpostu baino gehiago eskaini zituzten.

Azken edizioetan industria-sektoreko enpresak gero eta presentzia handiagoa dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Horren haritik, XXX. edizio honetan industria (% 20), merkataritza (% 17,2), logistika eta garraioa (% 15,9) eta ostalaritza (% 14,5) sektorekoak izan dira lan eskaintzak. Oraingo honetan 400 pertsona baino gehiago hurbildu dira Ficobara, zerbitzuak, eraikuntza eta industria arloko 40 enpresek eskainitako 131 lanpostuen bila. Hortaz gain, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoek aurkeztu dituzten enplegu eskaintzak ere izan dira aukeran.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, sarrera librea izan da eta enpresek aldez aurreko hitzordurik gabe hartu dituzte lan eskatzaileak elkarrizketak egiteko. Pertsonekin aurrez aurre tratatzeko aukera ematen du Enpleguaren Asteak. «Guretzat beste hautaketa prozesu batzuk baino askoz aberasgarriagoa eta eraginkorragoa da», azpimarratu du Eneko Aranburu, Txepetxa tailerreko arduradunak. Eta Martiko enpresak ere haien beharrak asetu ditzazketen hainbeste pertsona egun eta leku berean topatzeak dakarren abantaila nabarmendu du. Langile berriak kontratatu nahi dituzten enpresen giza baliabide departamenduetarako gauzak errazten baditu, lan bila ari diren pertsonentzat ere, egun berean hainbat lanpostutarako euren burua aurkeztu ahal izatea dinamikoa dela gogoratu du Bidasoa Bizirik agentziak.  

Lan eskaintzekin batera, edizio honetan Bidez-Bide Elkartearen postu bat ere izan dute, atzerriko tituluak homologatzeko prozesuan laguntza behar duten pertsonak informatzeko.