Euroeskualdeko eleaniztasuna, mugikortasuna eta enpleguan sakontzeko 14,8 milioi euro

Antxeta Irratia 2024ko mai. 28a, 10:54

Europako erakunde publikoen mugaz gaindiko lankidetzan sakontzeko urrats berri bat eman du Euroeskualdeak (Euroregion). Akitania Berria, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoak bat eginik, POCTEFA 2021-2027 proiektu deialdiari esker, 14,8 milioi euroko europar diru funtsa desblokatu berri dute. Euroeskualdearen eremua egituratzen jarraitzeko mugaz gaindiko proiektuetara bideratuko da, mugikortasuna, enpegua eta eleaniztasunaren alorretan.

Akitania Berria eta Hego Euskal Herri osoa barneratzen duen mugaz gaindiko eremuaren garapenaz eta bultzada koordinatzeaz arduratzen den Euroeskualdeak, mugaz gaindiko proiektuetara bideratuko diren Europako POCTEFA 2021-2027 dirulaguntza lerroaren seigarren deialdia desblokatu berri du. Joseba Erramundegik, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasuna eta Europako lankidetzarako kontseilari delegatuak azpimarratu duenez, seigarren deialdi honetan inoiz baino diru gehiago bideratuko da. Eta zehazki Euroeskualdea egituratzen jarraitzeko 3 ardatz aintzat hartuko dituzten proiektuak diruztatuko dituzte: eleaniztasuna, mugikortasuna eta enpleguan sakondu nahi baitute lankidetza.

Oraingo honetan 14,8 milioi euroko diru funtsa izango du deialdiak, eta iragarri dutenez, onartuak izango diren proiektuak 700.000 eurotik gorakoak beharko dute izan. Deialdia urriaren 23ra arte irekia izanen da, eta xehetasun guztiak www.afomef.eu eta www.poctefa.eu webgunean daude eskura.