Euskal Herri osoko nekazariek Biriatuko muga blokatuko dute berriz ekainaren 3an

Antxeta Irratia 2024ko mai. 29a, 10:42

Joan den martxoaren 7ko traktoradan iragarri zuten bezala, agintariek haien aldarrikapenei kasu egin ezean ekainaren 1etik aurrera mobilizazioak azkartuko dituzte. Hitza eman eta bete dute. Beraz, Iparraldeko eta Hegoaldeko lehen sektorea ekainaren 3an mobilizatuko da berriz. Hegoaldeko zutabeak Behobiako Zaisan bildu ondotik, Iparraldekoekin bat egingo dute eguerdi aldera Biriatuko muga blokatzeko. Martxoan 300 traktore bildu ziren. 

Europako hauteskundeen bezperan Bruselari eta espainiar zein frantses gobernuei ere presio emateko helburua dute, haien aldarrikapenei kasu egin diezaieten. Egalim legearen klausulak aplikatzea eskatzen dute. Eta Europaz kanpoko herrialde ekoizleekin nazioarteko merkataritza itunak bertan behera uzteko aldarrikatzen dute. Nekazariek ohartarazi dutenez, «hemen ekoizteko oso neurri eta arau zorrotzak ezartzen dizkigute, baina gero hori betetzen ez duten beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak onartzen ditugu, gurekin lehia deslehiala eginez, eta horrela oso zaila da».

Gainera, energia eta erregaien prezioekin ekoizpenak nekez izan daitezke errentagarriak gaur egun. Hortaz, errepidez kanpoko gasolioaren gaineko zerga kentzea. Gazteek dituzten nekazaritzan instalatzeko zailtasunak ere badira eskaeren artean, eta laborantxa lurren defentsa. Bestela ere, burokrazia handia bete behar dutela salatzen dute, «ekoizle txikiak gara, eta denbora gehiago ematen dugu paperak betetzen, baratzean edo ikuiluan baino», aitortu zuen martxoko mobilizazioan Amaia Segurola nekazari azpeitiarrak. Gazteek etxalde batean instalatzeko dituzten zailtasunak ere mahai gainean jarri nahi izan dituzte, lurrak lortzeko laguntzak eta jarduera berriak martxan jartzeko erraztasun gehiago beharrezkoak dituztela aldarrikatuz.

Martxoan 300 bat traktore bildu ziren Biriatuko mugan.