Bidasoko bizikletaren aldeko Balazta eta Hendaiako Recyclarte elkarteek indarrak batu dituzte hiri-bizikleta eskualdean eguneroko desplazamenduetarako alternatiba gisa hauspotzeko. Irunen, adibidez, eguneroko mugimenduen %2a baizik ez da txirrindaz egiten. Zentzu honetan, bi elkarteek urteak daramatzate txirrindularien segurtasuna bermatu eta eskualdea egituratuko duen bidegorri sare egokia edota bizikletentzako kaleko aparkaleku itxi eta duinak aldarrikatzen. Haien jardunean txirrindak konpontzeko tailerrak ere antolatzen dituzte maiz, eta elkarte bakoitzak Irungo Larreaundiko eskola zaharrean eta Hendaiako Intzura industriguneko Lekueder karrikan dauzkaten egoitzetan bizikleta zaharrak konpondu eta merke saltzen dituzte bazkide direnentzako. Izan ere, garaje egokirik ez duenarentzat bizikleta eguneroko alternatiba bilaka dadin, eskura behar du. Eta kalean lotuta utz daitezkeen txirrinda berziklatuak erabiltzea bultzatzen dute, kirol jarduera gisa baino, hiri-bizikleta tresna praktiko eta jasangarri gisa.
Hau kontuan hartuta, ekainaren 7tik 9ra Ficoban ospatuko den Bioterra azokan bi elkarteek parte hartuko dute. Baina asteburu berean kanpaina berezi bati abiada emango diote. Irun, Hondarribia eta Hendaiako kaleetan 21 txirrinda jarriko dituzte pista-joko bat osatzeko prest denarentzat eskuragarri. Erronka onartu nahi duenak hiru urrats besterik ez ditu beharko. Recyclarte elkarteak azaldu duenez, bizikleta hauek kalean bere kandaduarekin lotuak utziko dituzte. Bakoitzak kartel bat izango du QR batekin. Eta honek galdera bat erantzuteko aukera emango du, erantzun egokia emanez kandaduaren lau zifretako bi lortu ahal izateko. Eta kandadua irekitzeko falta diren beste bi zifren kokalekuaren berri ere jasoko du pista-jokoaren parte hartzaileak. Hau lortuta, bizikletaren kandadua ireki eta etxera eraman ahal izango du sari gisa.
Bitxia izanagatik ere, ekimen honekin eskualdean bizikletan mugitzera animatu nahi dituzte bidasotarrak. Eta txirrinda bat ez edukitzeak aitzakia izan ez dadila bilatzen dute. Hortaz, adi! Kasu! Bazterrak ondo miatu Balazta eta Recyclarte elkarteen kanpainaren kartela zintzilik duten txirrinda hauen bila. Izan ere, kalean bizikleta asko baranda eta faroletan kandatuak ikusi ohi ditugu. Baina ekainaren 8tik 15era 21 bizikletek saria izango dute ezkutuan.