junkal bauza

«Espainiak saharar herriaren tragedia humanitarioa estali nahi du, aipatzen ez dena ez da existitzen, baina janaria ekainan amaituko zaie»

Koldo Nausia 2024ko eka. 5a, 13:48

Uda honetan 14 haur saharar etorriko dira Bidasoaldera ‘Oporrak Bakean’ pasatzera. Programa suspertzea lortu dutelako pozik azaldu da Tadamum elkartea, baina arduratuta daude Aljeriako errefuxatu kanpalekuetan «muturreko egoera» bizi dutelako. Haurren erdia desnutrizio egoeran dago, eta helduetan anemia kasuak ugaritzen doazen bitartean, Munduko Elikagai Programak bideratzen duen janari-saskia %30 murriztu die.

Atzo onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak estatu osoan, gehienez ere, 3.000 haur etor daitezen bi hilabeteko errefuxatu bisatua. Azken 45 urtetan hirutan baizik ez da eten programa. Horietariko bi Covid pandemiaren ondorioz, 2020ean eta 2021ean, eta asko kostatu zaie programari berriz ere martxa hartzea. Gure eskualdean, Tadamum elkartearen ‘Uda Bateko Besarkada’ kanpainari esker, suspertu egin delako pozik azaldu da, gaur Goizeko Kafean gonbidatua genuen Junkal Bauza De Apodaka elkarteko kidea. «Zorionez Bidasoaldera 14 haur datoz aurten, iaz bizpahiru izan ziren eta ez genuen inoiz pentsatuko urte bakarrean horrelako gorakada izango genuenikan», dio. Euskal Herrian 300 haur jasotzeko erronka markatu zuten hasieran. Azkenean 199 haur saharar etorriko dira aurten, horietatik 76 Gipuzkoara. Eta haietatik, esan bezala, 14 Irun eta Hondarribiko harrera familien etxeetara.

Junkalen familiak 2017tik egiten du harrera. «Ez da lana, disfrutatzekoa da. Egia da haur horren txikia ekartzen duzula zure etxera, ez dakiena zure hizkuntza, ez duena mundua zuk bezala bizi, ez dituela zure pribilegioak, eta hala ere, zenbat dauka zuri irakasteko, eta ze momentu bereziak bizitzen dituzun», azpimarratzen du Junkalek. Bere basamortuko ahizpa bilakatu dela dio, eta ohartu gabe bere familia zabaldu egin dela urteotan. Izan ere, aurten ere Aljeriako “La Hamada” eremuko basamortuan izan da bisitan. Eta ongi daki noraino onuragarria den haur hauentzat Euskal Herrira etortzea udako bi hilabeteetan, bertatik bertara ikusi duelako zein egoera tamalgarrian aurkitzen diren Tindufeko bost wilaya edo kanpalekuetan. «50 gradutik gorako muturreko beroetatik aldentzea behar dute batetik, baina elikadura eta ur eskasia pairatzen dute, eta hemen jasotzen duten mediku asistentzia berebizikoa da haientzat. Eta ahaztu gabe 2020ean gerra berpiztu zenetikan ere, horrek baduela bere garrantzia», argitzen du Tadamumeko kideak. Garrantzitsuena, beraz, haur horien osasuna hobetzea eta bizipoza da.

Tragedia humanitarioaren atarian

Tadamum elkarteak iragarri duenez, ekainaren 28-29an iritsiko dira eskualdera 14 haurrak ziurrenik. Aldiz, hau ere ezin dute segurtatu. Aipatu digutenez, ez baitira denak berri pozgarriak. Izan ere, inoiz baino premia handiagoarekin datoz aurten oporrak bakean pasatzera. Aljeriako basamortuko errefuxatu kanpalekuetan «tragedia humanitario baten atarian» aurkitzen dira, komunikabideen portadak beste gatazka batzuk betetzen dituzten bitartean. «Espainiako Gobernuak hori estali nahi du, aipatzen ez den bitartean ez da existitzen», kexu da Bauza de Apodaka.

Zentzu honetan, Mendebaldeko Sahara Espainiako 53. probintzia izan zela gogoratzen du, baita espainiar estatuak saharar herriarekin duen zor historikoa ere. 1975ean Espainiak Marokoren atzaparretan abandonatu zituenetik, Aljeriak Tindufeko basamortuan erbesteratzea onartu zituen. Eta gaur egun 175.000 saharuik halamoduz bizirauten dute ia mende erdi bete duen krisi baten ondoren. NBE erakundeak erreferenduma eskubidea aitortu zion Mendebaldeko Saharan 1991. urtean, baina nazioarteko legediaren gainetik inposatu dira haien itsaso eta lurren baliabideak ustiatzeko interes ekonomikoak. Hala, basamortuan erbesteraturik, euren jatorrizko udalerriaren izen omonimoa duten wilaya edo kanpalekuetan aurkitzen dira, basamortuak alde batetik, eta bestetik Marokok bost zatitan eraikitako 2.700 kilometroko «lotsaren hesiak» mugatuta, aire zabaleko espetxe erraldoi batean.

Haur hauen aiton-amonek espainiar nortasun agiria izan zutela aipatu digu Junkalek. Baina Marokoren Mendebaldeko Sahararen okupazioaren erruz, errefuxatu kanpalekuetan jaiotako belaunaldi osoak dira apatrida edo aberrigabekoak, eta Espainiako estatuaren 49 urteko ukazioaren biktima. «Ez dute besterik ezagutu, han jaio ziren La Hamada izeneko lur eremuan, sahararrak joan aurretikan esaten zen gizakirik ezin zuela bertan biziraun, eta beraiek 50 urte daramatzate han. Oso kontziente dira hori ez dela beren lurraldea, eta egunen batean ezagutuko dutela ilusioarekin bizi dira», esplikatu digu Tadamumeko kideak. Halere, negu honetan bertara egin duen azken bisitan, «gazteen artean bereziki etsipen sentimendua» ikusi duela dio, «etorkizun iluna dutelako, lan egiteko aukera gutxi, ez bada irakasle edo konponketa lanetan, eta gaur egun bizi duten goseak ere bere eragina du».

Kontua da, Munduko Elikagai Programak orain artean bermatzen zien gutxieneko janari saskia 2020tik apaldu egin dela. «Covid pandemiaren ondorioz, eta Ukrainako gerrarengatik, inflazioaren eraginez elikagaien prezioak igo dira, eta ez du elikatzeko haina ematen», argitu du Junkalek. Sahararren %97ak jasotzen du laguntza hau. Baina 2019an nazioarteko laguntzetan 18 milioi euro bideratzen zituzten elikagai saski horiek segurtatzeko, eta gaur egun kopuru berbera erosi ahal izateko 28 milioi euro beharko lirateke. Aurten janaria %30 murriztu dietenez geroztik, familia askotan azken hilabeteotan hau razionatzen ari dira. GKEek nazioarteko laguntza hori emendatzeko deia luzatu dute, orain arte erantzun argirik gabe. Tadamumeko ordezkariak argitu digunez, «horrela jarraituz gero ekainean amaituko zaie biltegiko janaria, eta ez dute modurik izango haurrak eta helduak elikatzeko».

Desnutrizioa eta egarria

Tamalez, muturreko egoeran dauden honetan osasun arazoak ugaritzen doaz: «5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen du, eta haurdun dauden emakumeei dagokienez, anemia kasuak asko dira. Hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argaltxo eta txiki geratzen dira», gaineratzen du Junkalek goibel.

Hartara, Euskal Herritik antolatzen duten Elikagaien Euskal Karabanak egoera zertxobait arindu duelakoan dago. Izan ere, joan den otsailan antolatu zuten eskola eta supermerkatuetan bilketa, baina joan den astean iritsi zaiela argitu digu aktibista honek. Martxoan abiatu zen karabana, eta bera joan zen Alakanteraino kamioietan. Handik Aljeriako Oraneko portura barkuz janaria eramateko gero. Baina burokrazia arazo geroz eta gehiago jartzen ari dizkiete urtetik urtera. Eta karabana bi hilabetez blokatua egon ondoren, joan den igandean iritsi zen Tindufeko bost kanpalekuetan banatzeko, Aaiún, Auserd, Esmara, Bojador eta Dajla. 

Oztopo guztien gainetik, herritarren laguntza iritsi iristen da, bistan denez. Kasu honetan, aurtengo karabanak 40 tona janari eraman ditu Gipuzkoatik, eta horietatik 10 tona Bidasoaldean bildutakoa zen. «Azkenean hau arazo politiko baten ondorio da, gure eskuetatik eskapo egiten duena. Baina ezin dugu ahaztu 50 urte daramatela horrela, eta gu haiekin ez bagaude, bada zeinek lagunduko du herri hori?», galdetzen du Junkalek.

Hala ere, ongi elikatzeko ez ezik, kalitatezko ura edatea ere eskertzen dute Oporrak Bakean programari esker gurera datozen haurrek. NBE erakundeak emergentzia egoeran (katastrofe egoeran) pertsona bakoitzari bermatu behar zaion gutxieneko 22-25 litro ur eguneko ez baitute sahararrek. Gaur egun 17 litro ur dute egunean edan, garbitu, sukaldatu eta denetarako. Ura ere urre likidoa da haientzat beraz. Uda hontako "besarkadari" esker, aldiz, bapo jan eta edan ahal izango dute bi hilabetez. Baina agintariek tragedia humanitarioaren aurrean ez ikusiarena egiten duten bitartean, herritarren gizatasunari esker beharko du berriz ere.