Euskal Herrira 199 haur saharar etorriko dira aurten, horietatik 76 Gipuzkoara. Eta haietatik, 14 Irun eta Hondarribiko harrera familien etxeetara.
Junkal Bauza De Apodakaren familiak 2017tik egiten du harrera. «Ez da lana, disfrutatzekoa da. Egia da haur horren txikia ekartzen duzula zure etxera, ez dakiena zure hizkuntza, ez duena mundua zuk bezala bizi, ez dituela zure pribilegioak, eta hala ere, zenbat dauka zuri irakasteko, eta ze momentu bereziak bizitzen dituzun», azpimarratzen du Junkalek. Bere basamortuko ahizpa bilakatu dela dio, eta ohartu gabe bere familia zabaldu egin dela urteotan.
Izan ere, aurten ere Aljeriako “La Hamada” eremuko basamortuan izan da bisitan. Eta ongi daki noraino onuragarria den haur hauentzat Euskal Herrira etortzea udako bi hilabeteetan, bertatik bertara ikusi duelako zein egoera tamalgarrian aurkitzen diren Tindufeko bost wilaya edo kanpalekuetan. «50 gradutik gorako muturreko beroetatik aldentzea behar dute batetik, baina elikadura eta ur eskasia pairatzen dute, eta hemen jasotzen duten mediku asistentzia berebizikoa da haientzat. Eta ahaztu gabe 2020ean gerra berpiztu zenetik ere, horrek baduela bere garrantzia», argitzen du Tadamumeko kideak. Garrantzitsuena, beraz, haur horien osasuna hobetzea eta bizipoza da.