Nazioarteko egoera politiko gatazkatsua batetik, Ukraina eta Gazako gerlak tarteko, eta pandemiaz geroztik eman den inflazioaren ondorioz bestetik, laguntza humanitarioan jaso ohi duten elikagaien saskia %30 murriztu diete Tindufeko kanpalekuetan muturreko baldintzetan bizirauten duten 175.000 saharar errefuxatuei azken urtean. Horren ondorioz, inoiz baino behar handiagoarekin iritsiko dira haur hauek Euskal Herria aurten.
Muturreko egoeran dauden honetan osasun arazoak ugaritzen doaztela aipatu digu Junkal Bauzak, Tadamun elkarteko aktibistak: «5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen du gaur egun, eta haurdun dauden emakumeei dagokienez, anemia kasuak asko dira. Hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argaltxo eta txiki geratzen ari dira», gaineratu du. Hartara, Euskal Herritik negu oro antolatzen duten Elikagaien Euskal Karabanak egoera zertxobait arindu duelakoan dago. Izan ere, joan den otsailan antolatu zuten eskola eta supermerkatuetan bilketa, baina maiatza bukaeran iritsi zaiela argitu digu. Martxoan abiatu zen karabana, eta bera joan zen Alakanteraino kamioietan. Handik Aljeriako Oraneko portura barkuz janaria eramateko gero. Baina burokrazia arazo geroz eta gehiago jartzen ari dizkiete urtetik urtera. Eta karabana bi hilabetez blokatua egon ondoren, orain iritsi da Tindufeko bost kanpalekuetan banatzeko, Aaiún, Auserd, Esmara, Bojador eta Dajla.
Nolanahi ere, aipatutako 14 haur hauek Bidasoan indartu ahal izango dira udako bi hilabeteotan. Tadamun elkarteak baieztatu duenez, Espainiako Ministroen Kontseiluak haur hauen errefuxatu karta tenporalak behin onartuta, ekainaren 30ean iritsiko dira Euskal Herrira. Loiuko aireportura 199 ume helduko dira hegazkinez, eta norbere harrera eskualdera banatuko dituzte taldeka gero autobusetan. Gipuzkoan 76 haurrek egingo dute uda harrera familietan, horietatik Hondarribian 9 eta Irunen beste 5 harrera familia animatu baitira aurten.
Junkal Bauza, Tadamun elkarteko kidea pozik azaldu da, bizi duten «tragedia humanitarioaren» aurrean, pandemian eten egin zen Oporrak Bakean programa berriz ere aktibatzea lortu duteako. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu ondoren Espainiako PCE alderdiak proposatuta martxan jarri zenetik 45 urte betetzen dira aurten estatu mailan programa hau egiten dela. Eta gure eskualdean 2000-2010 urteen artean 30 haurreri harrera egitera iritsi bazen urterik oparoenetan, iaz hiru haur besterik ez zuten aukera hori izan, basamortuko beroaldietatik ihes egin, eta bi hilabetez ondo elikatu, edan eta berebizikoak dituzten osasun frogak egiteko. Izan ere, urtero bezala, Eusko Jaurlaritza eta Mendebaldeko Saharar Delegazioaren arteko hitzarmenari esker, Osakidetzak hortzetako PADI sisteman sartzeaz gain, osasun frogak ere pasatzen dituzte haur hauek, besteak beste.
Heldu den ekainaren 30ean iritsiko dira beraz, eta abuztuaren 29a arte gure artean izango ditugu, Oporrak Bakean programaren leloak dion bezala "Uda Bateko Besarkada" jaso dezaten.