Ekainaren 9an ospatutako Europar hauteskundeetan Le Pen buru duen Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian 29.516 botorekin lehen indarra bilakatu ondotik, garai nahasiak bizi dituzte politika arloan. Baina Macronek Asanblada Nazionala desegin eta hauteskunde legegileak ekainaren 30ean eta uztailaren 7an deitu ondotik, Fronte Herritar Berriak «inoiz baino gehiago bozkatzea lehentasuna» bilakatu dela azpimarratu du. Hego Lapurdi barne duen 6garren hautesbarrutiko Fronte Herritar Berriaren hautesle da Peio Dufau, ezkerreko indarren koalizio akordioaren arabera. Eta atzo Hendaiako Intzura industrigunearen sarreran eskuorriak banatzeaz gain, Kotte Ecenarro auzapezarekin elkartu zen hiribarneko azoka denboran kanpainaren baitan, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko ezkerreko indarren batasuna adierazteko. Aurreneko aldia izan daiteke Peio Dufaurekin, EH Baiko kide batek Frantziako Asanblada Nazionalean postua lortzen duela.
Kanpaina azkarra izaten ari da. Baina denbora estutasunen aitzinean, Fronte Herritar Berria fite eratu eta kanpaina ekintzak ugaritu dituzte. Hendaian larunbateko Zokoburuko merkatuan ere banatuko dute informazioa. Eta Urruñan atez-ate ariko dira ostiralean, eta larunbatean azokan ere.
Gogoratu, bai Hendaian, bai Biriatun, baita Urruñan eta Donibane Lohitzunen ere, Le Pen eskuin muturra izan zela lehen indarra ekainaren 9ko europar hauteskundeetan. Hendaian, zehazki, 1.037 bozkarekin eta %21,87arekin lehen indarra izan zen Batasun Nazionala. PS Plaza Publikoak 918 bozkarekin %19,36a egin zuen bitartean. Hirugarren indarra, Besoin d’Europe (Renaissance) makronista izan zen 696 bozka eta ororen %14,68arekin. Laugarren indarra, aldiz, Frantzia Insumisoa, 472 bozekin.
Urruñan ere eskuin muturra atera zen garaile. 991 bozka eskuratu zituen Renaissance makronisten 623 bozken aldean. Eta PS Plaza Publikoa izan zen hirugarren indarra. Sozialistek 612 bozka erdietsi zituzte Urruñan. Eta Filipe Aramendi auzapeza arranguraturik azaldu zen emaitzekin, ezker abertzalea agintean duen herria baita Urruña.
Biriatuk ere ez zuen argazkia aldatu. Hautesle erroldan bozka eskubidea zuten 854 biriatuarretatik 436 etxean geratu ziren bitartean, bozkatu zutenen bostetik batek eskuin muturraren alde egin zuen, orotara 94 bozka. PS Plaza Publikoa (70 bozka), Landa Aliantza (55 bozka) eta Macronen Renaissance 51 bozkarekin jarraitu diote.
Faxismoaren kontrako Alerta Feminista
Argazki hori aldatzeko helburuarekin, kanpaina politikoaz haratago, gizarte eragileak ere mobilizatzen ari dira egunotan. Bagera elkarte feministak, adibidez, Emmanuel Macronek deitutako hauteskunde legegileak hurbildu ahala, eskuin muturreko indarren aurkako mobilizazio orokorraren garaia iritsi dela aldarrikatu du. Baita Ipar Euskal Herrian Baionan eta Miarritzen egunotan antolatu dituzten mobilizazio desberdinetan parte hartzeko deia luzatu ere. Haien artean, ostegunero 18:00etan CGT sindikatuak Hendaiako Errepublika plazan deitu duen faxismoaren aurkako elgarretaratzea.
ALERTA FEMINISTA mugimendua sortu dute 200 erakunde baino gehiagok, «eskuin muturrak sistematikoki kontra egiten dielako emazteen aldeko neurri guztiei», abortatzeko eskubidea zein bortxaketaren definizio komun baterako Europa mailako lege baten aldeko ekimena oztopatuz. Gogoratu behar da gainera, frantses estatuan ez dela feminizidio figura juridikorik existitzen. Era berean, Bagera elkarteak dio, gutxiengo sozial guztien eskubideak arriskuan daudela eskuin muturreko indarrak boterera iristen badira. Izan emazte, iza LGBTQIA+ kolektiboko pertsona, migratzaile edota arrazializatutako pertsonak.