Maiatza hastapenean hainbat greba eta mobilizazio egun egin zituzten Endaneako langileek, LAB eta ELA sindikatuek deiturik. Hauen gibelean, grebalariek azaldu zutenez, enpresak asteburu oro lan egitera behartu zituela, lehenago txandaka aritzen zirelarik.
Bada, LAB sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, akordioa erdietsi zuten baldintzak hobetzea lortuz. Hala, urtean lan ordu guttiago eginen dituzte orain, eta hilabetero lansaria emendatzea ere lortu dute, inflazioari aurre egiteko moduan eta langileen erosketa ahalmena handituz.
Bi urteko luzapena du akordioak, eta azaldu dutenez, enpresak nahiz langileek adostasunak lortzen jarraitzeko engaiamendua hartu dute. LABek azpimarratzen du langileen indar eta elkartasunez lortu dutela baldintzen hobetzea.
Merkal Calzadosen, borrokan oraindik
Egoera okerragoa da haatik Gipuzkoako eta Irungo Merkal Calzados saltokietan, hiru greba mugimenduren ondotik geldialdi mugagabera joatea erabaki baitute langileek.
ELA sindikatuak azaldu duenez, 2019koa den hitzarmena berritzea galdegiten dute, langile gehienek enpresan antzintasun handia dutelako eta hori kontuan hartzea eta kontziliazioa hobetzea dituzte helburu, asteburuetako jai egunak besteak beste.
Orain arte enpresarengandik jaso dituzten proposamenak “eskasak” dira ELArentzat, eta aurrerapausorik emateko borondaterik eza ere salatzen dute. Asteburuei dagokionez “hobekuntza txiki bat” aipatu du sindikatuak, baina ez duela kontziliazioa behar bezala ahalbidetzen. Gauzak hala, greba mugagabera jo dute Gipuzkoako Merkal Calzadoseko langileek.