Biztanleriaren zahartze progresiboak suposatzen duen erronkari erantzuteko, zaintza eredu komunitarioan urratsak eman nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak gaur Irungo Inmaculada egoitzara egindako bisitan, zainketa eta adinekoen babesa «lehentasunezko helburua» dela azpimarratu dute.
Izan ere, gaur egun lurraldeko herritarren %37k du 55 urtetik baino gehiago, baina 2031 urterako %45 izango da adin hori gaindituko duen kopurua. Eta beraz, Foru Aldundiak bere apostuarekin jarraitzen duela berretsi du Eider Mendozak: «plaza berriak sortu, behar berriak sortzen ari direlako». Aldiz, hamar adinekoetatik zortzik ahal bezainbat etxean egon nahi duela jakitun da, baina ezinezkoa den kasuetan «egoitza batean etxean bezala bizi daitezela» bilatzen duten baliabideak jarri nahi ditu aldundiak gipuzkoarren eskura.
Eider Mendozak azaldu duenez, «osatzen ari den zainketa sistema berrian adinekoentzako arreta pertsonalizatuago, berritzaileago eta komunitateari konektatua eskaini nahi du». Aditzera eman duenez, «eraldaketa errealitate bat da». Gaur egun 65 egoitza eta 5.251 plaza ditu adinekoen egoitza sare publikoak, eta lurraldean dauden plazen %89 publikoak dira. Halere, beharrak handitzen doaz, eta horri erantzuteko 102 plaza gehiago sortu dituzte 10 egoitza eta 6 eguneko zentrotan, horietatik 20 plaza psikogeriatrikoak direlarik. Plaza berri hauetatik 12 Hondarribiko Betharram eta San Gabriel zein Irungo Mendibil auzuneko Inmaculada egoitzetako eskaintzari gehituz.
Adinberri estrategia
Diputatu nagusiak argitu duenez, dagoeneko Adinberri estrategiara egokitzeko hainbat lan egin dituzte 30 bat zentrotan, birmoldaketa lanak eginez, eta eremu irekiagoak eta komunitatearekin lotuagoak izateko, baita teknologia berriak eta baliabideak indartuz ere. Halere, estrategia horretan oinarritutako egoitza berriak ere irizpide horiekin diseinatuko dituzte.
Usurbilen martxan dagoen Egurtzegikoa bezala, Pasaian eta Elgoibarren esleitu dituzten proiektuak, edota Irungo Arbesko Egoitza berria ere erreferentzia izango dira horretan. Irungoak 130 plaza berri eskainiko ditu, eta aurreneko konbenioa 2011n izenpetu bazen ere, joan den udaberrian eman zuten 13 urtez atzeratutako proiektua martxan jartzeko argi berdea. 2026 urte bukaeran martxan egongo dela iragarri zuten orduan, 271 milioi euroko inbertsioa (GSR kooperatibaren 22 urtez kudeatzeko plana barne) eginez. Eider Mendozak aspaldiko proiektuaren atzerapena aitortu du, baina «atzerapena badu ere, proiektua auzoari irekitako gunea bilakatuko da, zaintza eredu berriaren eredu, auzoari eta herriari irekita, eta zerbitzu bikaina emango duena».