Abuztuaren 31n Venezuelako Union Comunera sareko Juantxo Lenzo, Luis Miguel Guerrero eta Oswaldo Hernandez militanteen hitzaldia antolatu zuen Bor-Bor kolektiboak "Venezuela hauteskunde zikloaren ondoren" izenburupean. Eta orain arte egindako ibilbideari jarraituz, nazioarteko gaiek pisu handia izango dute aurtengo ikasturtean ere kolektiboaren jardueretan. Baina eskualdeko ikuspegitik begiratuta. Iaz, adibidez, lan prekarietateari buruzko mahainguru bat ere antolatu zuten sindikatuekin batera.
Duela bi urte sortutako kolektiboak bere hirugarren ikasturtea abiatzen du orain, hasierako helburu berarekin. Uberka Bravo kolektiboko kideak azaldu digunez, «herri mugimenduetan, internazionalismoan eta aktibismoan sartuta dauden pertsonei eduki politikoetan formakuntza eskaintzea, eta gizarteari begira interesa duten gaietan sakontzeko aukera ematea» dute helburu.
Horiek hala, Venezuela, Ukraina edota Sobiet Batasunaren ondokoak landu eta gero, internazionalismoan sakontzen jarraituko dute, aktualitateak agintzen dituen jakinmin eta beharrei erantzunez. Oraindik ez dituzte datak zehaztu, baina hari beretik, ikasturte honetarako planteamendua ere zehazten ari dira. Eta Uberka Bravok eman dizkigun xehetasunen arabera, hautatuko dituzten gaiak bi zutabetan landuko dituzte. Batetik, gaiaz interesa duteneni zuzendutako hitzaldi orokor bat antolatuz, eta bestetik, eskola saio edo taldean gaia sakonean landuz. «Sinistuta gaude herri mugimenduetan dabilen jende askok eduki politikoetan formakuntza behar duela», dio Bravok.
Talde hauetan gainera, hausnarketarako komunitatea eratzen jarraitzeko xedea du kolektiboak. Beraz, haiekin harremanetan jartzeko, borborhausnarketa@gmail.com