Euskal Herriko Txotxongilo Topaketa

Euskal Herriko Txotxongilo Topaketa ospatuko da urrian Bidasoaldean

Aitor Errazkin 2024ko ira. 12a, 10:45

Irungo Ostomila Txotxongilo taldeko Ruben Mejuto eta Zoe Tamara Cuellar Irunen eta Hondarribian urriaren 19-20ko programazioa antolatzen ari dira. Euskal Herriko txotxongiloen historian emakumeek izan duten garrantzia nabarmendu eta txotxongilo egileak eta artistak bildu nahi dituzte bi egunez, «elkar ezagutu eta sinergiak bilatzeko». Ekimena sustengatzeko errifak jarri dituzte salgai Hazian, Kabigorrin eta Larragane ostatuan.  

Ostomila Txotxongilo taldea Euskal Herriko Txotxongilo Topaketa antolatzeko lanean dabil buru belarri egunotan. Joan den maiatzan Ruben Mejuto eta Zoe Tamara Cuellar irundarrak Kuban egon dira Matanzaseko Txotxongilo Jaialdian euskal balezaleen historian oinarritutako "Balezaleak" haien azken lana aurkezten. Mejutok, Ostomilako kideak argitu digunez, Etxepare Institutoaren laguntzari esker bidaiatu ahal izan zuten. Halere, ohikoa dute euren txotxongiloen bidez istorioak kontatzeko bidaiatu behar izatea. Azken urteetan, Nikaraguako istorio tradizionalak lantzen dituen "Osaba Untxia eta Koiotearen Abenturak” eta euskal mitologiari buruzko "Alaia Galtzagorria" obrak ere plazaratu dituzte.  

Munduan badira txotxongilo tradizionalerako Kubakoa bezalako topagune garrantzitsuak. Baita Euskal Herrian egiten diren jaialdiak ere. Tolosako Titirijai, Bilboko TX Festibala, Barañaingo Nazioarteko Txotxongilo Festibala, Sestaoko Txotxongilo Eguna edota Bergaran ospatzen den helduentzako jaialdia ditugu aipagarrienak. Haatik, berez, Euskal Herri osoko konpainia eta elkarteak biltzen dituen topagunerik ez dagoela ohartuta, Europako erreferentzia den Tolosako Topic txotxongiloen nazioarteko zentro museoaren artxibategira jo du Mejutok. Konturatu baitzen Euskal Herrian arte eszeniko hontako konpainia bakoitza norbere kaxa dabilela. «Euskal Herri osoa aintzat hartuta, ohartu ginen ez zegoela topagunerik, eta gure artean sinergiak bilatu eta lan egiteko aukera emateko beharra zegoela», dio. Topic zentroko artxibategia aztertuta, Zugarramurdin 90. hamarkadan egiten hasi eta 2016a arte bi urtetan behin ospatu izan den halako topaketa baten berri izan zuen. «IHESAz eri hildako Txefo eta Josefa txotxongilolariak omentzeko egin zuten, eta omenaldi hartan modu inprobisatuan elkartu ziren sektoreko artista asko, eta 20 urtez jarraipena eman zioten gero», kontatu digu.

Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketaren kartela

Hortaz, filosofía horri helduta pentsatu dute Bidasoaldean topaketa berri hau antolatzea. Ostomila konpainiako kideak aitortu digunez, Bidasoaldean antolatu duten topaketa «konpainia, artista eta txotxongilo egileen arteko harremanak saretu, elkar ezagutzeko, gure aldarrikapenak zeintzuk diren ikusi eta indarrak biltzeko» helburua ere badu urriaren 19an eta 20ean antolatzen ari direna.  Zentzu honetan, txotxongilo emanaldiak eskaintzeaz gain, topaketan bilduko direnen artean gogoetatzeko mahainguruak egingo dituzte, eta elkarrekin bazkaldu ere. 

Emakumeen garrantzia

Beste arte eszenikoetan ez bezala, Euskal Herriko txotxongiloen historian emakumeek izan duten garrantzia azpimarratu nahi dute aurreneko aldiz antolatuko duten ekimen honetan. Kontxita Momeñe nafarrak “Colorin” ospetsu egin zuena bezalakoak ikur izan dira arlo honetan. Eta horrelako beste hainbat emakume topa daitezke azken hamarkadatan txotxongilo munduan. Hori kontuan hartuta, genero ikuspegia ere landu nahi dute antolatutako mahainguruetan. «Aztertu nahi dugu ea zergatik den horrela, txotxongiloak orohar haurrentzako direnez emakumeak al dira berriro hontaz arduratzen direnak? Ba hori argitu nahi dugu», azpimarratu du. Era berean, emanaldi guztiak emakume artistek eskainiko dituztela argitu du, eta lan guztiak euskaraz taularatuko dituztela.

Emanaldiak Irun eta Hondarribian

Txotxongilo saio anitz antolatu dituzte urriaren 19-20ko astebururako, eszenatoki txikiak eta intimoak bilatuz, baina bertako eragile eta elkarteekin «konplizidadea bilatuz» eta ahalik eta modu saretuenean. Izan ere, autogestioa izan dute irizpide halako jaialdi bat antolatzeak suposatzen duen inbertsioaren finantzaketa lortzeko. Ostomilako kideak argitu duenez, konpainien bidai gastuak eta ikusgarriei aurre egiteko, eszenatoki izango diren elkarteek ahal izan dutenarekin lagundu dute, eta gainontzekoan 2 euroko errifa batzuk jarri dituzte salgai Irungo Hazia, Kabigorri eta Larragane ostatuan. Saria eskulangileek egindako txotxongilo artisau bat izango da. 

Topaketaren egitaraua oparoa izango bada, oraindik ere aldaketak eman daitezke. Baina azken ukituak besterik ez dira falta. Antolatzaileek iragarri dutenez, Dunboa eta Elitxu auzo elkarteetan, Kabigorri ateneoan, Larregane tabernan edo Irungo Motor elkartean proposatuko dituzte goi mailako txotxongilo emanaldiak, baita Hondarribiko Erreginaren Baluartean ere. Hau Udalaren babesarekin. Izan ere, autogestionatutako topaketa bada ere, «aurrekontuaren %30 inguru Hondarribiko Udalak emandako laguntza izango da, instituzioen beharra izan dugu eta eskertzekoa da».

Hau da momentuz iragarri dezaketen egitaraua: 

Urriak 19, larunbata

11:00 Dunboa auzo elkartea / Behi`Bis

12:30 Hondarribiko Baluartean / Dona Barriga Verde (Larraitz Uruzola)

14:00 Larreganen bazkaria

16:00 Arbes auzoko Toki Alai ikastetxean / Nafarroako txotxongiloak

17:30 Kabigorri ateneoan / Gogoeta mahaingurua

22:00 Kabigorri ateneoa / Titiriteroen kabareta

 

Urriak 20 Igandea

10:30 Elitxuko auzo elkartean / Pantzart

11:30 Elitxuko auzo elkartean / Gogoeta mahaingurua

13:00 Irungo hiri erditik Kalejira

14:00 Irungo Motor Elkartean bazkaria

18:00 Hondarribiko Baluartean Ostomila txontxongilo taldea