Espainiar estatuan aurkeztu diren 238 proposamenen artean hirugarren postuan suertatu da Txinzerrena, eta proiektuak kostatuko dituen 7,2 milioi eurotik 5.5 milioi finantziatuko dute Europako funtsek. Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministeritzak banatu ditu europar funtsak. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerenteak azpimarratu duenez, azken hamarkadako dinamikaren jarraipena da proiektua, 2009an hasi baitziren jadanik Txingudiko Zerbitzuak ur kontagailuen tele-irakurketa egiten, oraindik teknologia batere zabaldua ez zenean.
Endarako urtegitik Higerreko araztegira, etxe guztietako kontagailuetatik eta karriketako arketetatik pasaz, uraren zikloaren digitalizazioan ariko dira 2026ko ekainaren 30era arte. Hain zuzen ere, dirulaguntza berriari esker, bi urte eskasean burutzen ahalko baitute bestela hamar urteko epean garatzekoa zuten modernizazioa. Zubiturrez gain, Hondarribiko alkate Igor Enparanek ere bereziki aipatu du funtsa berri hauek eskualdeari ematen dieten aukera handia.
Enparan eta Cristina Laborda Irungoa kontent agertu dira Txingudi Data Driven Bay proiektuaren arrakastarekin. Azpimarratu dute ura baliabide sentsiblea dela, eta honen kudeaketa ahalik eta eraginkorrena izateko informazioa eta datuen erabilera ongi etorria izanen dela. Hain zuzen ere, digitalizazio berri honek Txingudiko Zerbitzuen ur zirkuituetan edozein isuri edo galera berehala detektatzeko gaitasuna izanen dute, momentu sentsibleetan urik ez galtzea ahalbidetuz.
Orotara, mota ezberdinetako 62 jarduera barnebilduko ditu 2026ko ekainera bitarte Txinzerren proiektuak. Bertzeak bertze, Hondarribiko kontagailu guztiak berritzea, Endarako urtegiko datuen bilketa berehala monitorizatzea, eta informazio guztia zentralizatzeko Eragiketa Zentro Adimendun bat sortzea dituzte helburu.