LAB, EH Bai, Frantzia Intsumisoa eta Bidasoa Etorkinekineko kideak dira asteazken goizean poliziak deitu dituen zazpi herritarrak. Sindikatu abertzaleko Ipar Euskal Herriko arduraduna den Argitxu Dufau eta orain gutxirarte ardura bera zuen Eñaut Aramendi dira horietako bi. Azken urteetan publikoki onartu dute hauek migratzaileei Hendaiatik edo Urruñatik Baionarako bidean lagundu izana, eta joan den martxoan Korrikaren pasatzearen kari 36 etorkini muga zeharkatzen lagundu izana ere bere gain hartu zuten LABeko kide gisa.
Zehazki zer leporatzen dieten ez dakitela azaldu du Dufauk Euskal Irratietan, baina migratzaileekiko elkartasuna delitua ez dela argi dutela gehitu du. Azken urteetan, frantses poliziak eta jendarmeriak eskualdeko herritar ugari atxilotu ditu, baita hautetsiak ere, haien autoetan eta etxeetan pertsona migratzaileak edukitzeagatik. Atxiloketa horiek baina azkar bukatu izan dira, eta honakoa da lehen aldia ikerketa zabal baten existentzia publiko egiten dena.
Hain zuzen ere, OLTIMek du ikerketa zuzentzen, PAF mugako poliziaren ikerketa adarrak. 2022an sortu zen agentzia, lehenagoko OCRIESTen jarraipen moduan. “Egoera irregularrean diren atzerritarrei frantses estatura sarrera, zirkulazioa eta egonaldia laguntzen” dutenen aurka egitea da agentziaren helburua; haatik, muga gurutzatzen laguntzea legez kanpokoa dela argi badago, egoera askoz konplexuagoa da estatu barneko laguntzari dagokionez. Norbanako batek ez du beste baten nortasuna kontrolatzeko eskumenik, eta hala, “stopean” hartzen den herritar baten egoera legala zein den jakiterik ez da, laguntza hori errazago eginez. Bestalde, frantses eta europar legediaren arteko kontraerranak ere badira, “elkartasun delitua” deiturikoaren inguruan.
80 eragilek babesa adierazi diete bihar deklaratzera deitu dituzten herritarrei. Aita Mari itsasontzia, Attac, Berdeak, Eusko Alkartasuna, EH Bai, Ernai, Irungo Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sortu, SOS Arrazakeria, Steilas edo Xuti Gazte dira elkarretaratzera deitu dutenen artean bertzeak bertze. 8:45ean elkartuko dira, Hendaiako mugako poliziaren komisaldegi aitzinean.