“GazteakOn: Elikadura Erronka” lehiaketan izena emateko epea zabalik

Koldo Nausia 2024ko urr. 8a, 13:40

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Lapurdiko kolegioetako adinean dauden gazteak eta haien irakasleak lehiaketan parte hartzera animatu nahi dituzte. IDEIAK 2024 deialdiaren baitan, elikadura burujabetzan ikastetxeetan egiten ari diren lana edota gazteek bultzatu nahi dituzten proiektuak bideo bilakatuz, gizartea sentsibilizatzeko aukera eman nahi die www.gazteakon.eus ekimenak. 

HendaiaKoop eta Maia Permaculture eragileekin batera lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren IDEIAK 2024 deialdiari esker diruztatua dago ekimena. Irun-Hondarribiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Hendaia-Urruña-Biriatuko kolegioko adinean dauden gazteak eta haien irakasleak lehiaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Labore Txingudik. Etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin gazteen ikuspuntua ere, beharrezkoa dela sinetsita baitaude.

Bideoak egin eta aurkezteko deia luzatzen diete, eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko, gazteek sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eramateko eta ideiak garatzeko aukera bat izan nahi duelarik.

Oihana Galardi, Labore Txingudiko kide eta proiektuaren eramaileak dioenez, bada joera bat gazteengan pisua jartzeko, baina proposamen honekin horri buelta ematen saiatu dira. «Sentsibilizaziorako beharra asko aipatzen bada ere, fokoa gazteengan jartzen da etorkizuneko gizartea delako», dio Galardik, «baina gazteek badute zer esan, eta maiz badira helduak edo besteak sentsibilizatzeko gai». Hortaz, ikastetxeen kontestuan elikadura burujabetzaren arloan zer egiten ari diren eta gazteek bultzatu nahi dituzten proiektuak bideo bilakatuta, eskolatik ateratzeko aukera izan nahi du ekimenak. 

"GAZTEAK ON: ELIKADURA ERRONKA" lehiaketak bi sari jarriko ditu partaideen eskura: epaimahairen saria 600€koa, eta 400€ko balioa izango duen Herritarren saria, eskualdeko biztanleen bozketatik eratorria izango dena.  

Argitu beharra dago, parte hartzeko prozedura 6 fasetan banatuko dutela. Baina momentuz, izen ematea 2024ko abenduaren 31 arte zabalik egongo da www.gazteakon.eus atarian. Eta urtarrilaren lehenetik 2025eko apirilaren 11 arte aurkeztu ahalko dira bideoak wetransfer bidez bideoak@gazteakon.eus helbidera bidaliz.