Euskal Herriko Txotxongilo Topaketa

«Txikitatik seduzitu ninduen antzerkiak, gero bizitzak eraman dit leku batetik bestera, baina txotxongiloek harrapatu naute»

Aitor Errazkin 2024ko urr. 8a, 11:55

Urriaren 19an eta 20ean eskualdean ospatuko den Euskal Herriko Txotxongilo Topaketan, Larraitz Urruzola artistak "Dona barriga verde" ikuskizuna proposatuko du Hondarribiko Erreginaren Baluartean. Txotxongilaritzaren garapenean Euskal Herrian emakumeek izan duten garrantziaren irudikoa da Larraitz, 1988tik proposamen eszenikoen sortzaile eta autodidakta. 

Euskal Herriko Txotxongilo Topaketa ospatuko dute aurreneko aldiz urriaren 19an eta 20an, Bidasoaldean. Ostomila Txotxongilo Taldeak antolatu duen ekimenak Irunen eta Hondarribian proposatuko dituen ikusgarri guztiak euskaraz izango dira, eta emanaldi guztiak emakume artistek eskainiko dituzte. Izan ere, antolatzaileen helburuetan «Euskal Herriko artista eta txotxongilolariak elkartzea» ez ezik, «arreta emakume txotxongilolarietan jartzea da, arte honen garapenean egindako ekarpen garrantzitsua» nabarmentzeko. 

Txotxongilo saio anitz antolatu dituzte urriaren 19-20ko astebururako, eszenatoki txikiak eta intimoak bilatuz, baina elkarte eta eragile desberdinekin lankidetzan eta ahalik eta saretuena eskualdean. Eragileen konplizidadea bilatu duten horretan, Dunboa eta Elitxu auzo elkarteetan, Kabigorri ateneoan, Larregane tabernan edo Irungo Motor elkartean, baita Hondarribiko Erreginaren Baluartean ere egingo dituzte txotxongilo saioak.

Lau hamarkada taula gainean

Hain justu Hondarribian “Dona barriga verde” ikusgarria emango duen Larraitz Urruzola artista, animatzaile soziokulturala eta txotxongilolaria ezagutzeko tartea hartu dugu Antxeta Irratian. Babaluva antzerki eta txotxongilo konpainiaren parte da, baina entitate propioa mantentzen du kontulari eta titiritero gisa. Hala nola, Rosalíaren bidaia, Hondarribian aurkeztuko duen Dona Barriga Verde edo O Crebanoces eta Babacontosen aterkipean ahozko narrazio ikuskizunen bildumarekin.

Familiako publikoentzako proposamen eszenikoen sortzailea da 1988tik. Autodidakta eta ibilbide luzea duen hainbat antzerki eta txotxongilo konpainia profesionaletan aritu da, eta publikoarekin konektatzeko eta komunikatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen dute adituek. Berak aitortzen duenez oso gaztetatik piztu zitzaion arte eszenikoen gogoa. «Oso gaztetatik ikastolan ere parte hartzen nuen antzerki proposamen guztietan, eta unibertsitate garaian antzerki taldean sartu, eta irakaslea titirilaria zenez mugildu nintzen mundu honetan. Eta harrapatu ninduen», kontatu digu. 

Txotxongiloak manipulatzeko hainbat teknika menperatzen ditu, bai arte eszenikoetarako, bai ikus-entzunezko formatuetarako ere: makila, itzalak, guiñola, alanbrezko txotxongiloak, argi beltza, eskularru eta mahaiko txotxongiloak, bunrakua... Aniztasun estetikoagatik eta ahots-tipologia anitzagatik nabarmentzen da bere pertsonaiak proiektatzeko garaian.

Larraitz Urruzola artistarekin egindako elkarrizketa entzun ahal izango duzu albiste honetan.