Baztango eta Baigorriko gazteak hirugarren aldiz elkartuko dira urriaren 19an

Paola Oskoz 2024ko urr. 11a, 11:12

12-15 urteko 40 bat gazteek hartuko dute parte eta, hirugarren edizio honetarako, Elizondon elkartuko dira. Egun osoko egitaraua prest dute, elkar ezagutzeko, euskaraz mintzatzeko eta harremanak sendotzeko helburuarekin. 

Baztan eta Baigorriko 12 eta 15 urte arteko gazteen hirugarren topaketa ospatuko da heldu den urriaren 19an Elizondon. "Nor bizi da Izpegiren bertze aldean?" ekimenaren baitan ospatuko da hirugarren edizio hau eta oraingo honetan, bertze 40 bat gazteek hartuko dute parte. 

Aitzineko bi tokapeten arrakasta ikusirik, hirugarren bat ere ospatzea erabaki dute Baztango eta Baigorriko udalek. Oraingo honetan, Elizondon elkartuko dira, urriaren 19an, 12 eta 15 urte arteko 40 bat gazte. Topaketa hauen helburu nagusia orain arteko bera izaten segituko du: bi herrietako gazteek elkar ezagutzea, bi lekuek duten harreman historiko hori sendotzea eta elkarrekin aitzinera eramandako proiektuak sustatzea. 

Egun osoko egitaraua prest dute urriaren 19rako. Goizean elkartuko dira Baztan Abentura Parkean eta bertan, aire zabaleko zenbait jarduerez gozatzeko aukera izanen dute. Ondotik, bakoitzak etxetik eraman beharko duen bazkariarekin otordua eginen dute eta arratsaldean, jarduerak herrigunera eramanen dituzte. Orduan, Elizondoko ondare kultural eta historikoa ezagutzeko aukera izanen dute gazteek, horretarako prestatutako josteten bidez. Jarduera guztiak euskaraz izanen dira, hori baita bertze helburuetako bat, bakoitzaren euskalkiaz aberastea. 

Itxaso Morato Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzailearekin izan gara solasean.