Urriaren 19an eta 20an, Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa egingo da Irunen eta Hondarribian. Ostomila Txotxongilo taldeak antolatutako topaketa berri honek, txotxongilolariak eta arte honen zaleak bilduko ditu. Eta lehen edizio honetan, emakume txotxongilariak izango dira protagonista nagusiak. Horietako bat dugu Elena Bezanilla eta bere Pantzart konpainia. 2012an sortu zenetik, konpainia honek 10 ikuskizun sortu ditu, beti euskal egileen testuetatik abiatuta, dramaturgia berritzaileekin aretorako zein kalerako emanaldiak proposatzen ditu. Eta orain artean 400 funtzio baino gehiago egin ditu.
Adituen arabera, hizkuntza propioa garatu du konpainiak, objektuak, bi eta hiru dimentsioko txotxongiloak, antzezpena, abestiak, poesia, proiekzioak, landare aromatikoak, burbuilak, etabar luze bat baliatuz. Elena Bezanillak azaldu digunez, bere lengoaia eszenikoak, «nagusiki bisuala eta beti musikala» da. Garai berrietara egokitzen jaskin izan duen artista da Bezanilla, eta bizitza osoa Donostian, Sevillan eta Bilbon antzerki eta txotxongilo munduan aritu ondoren, baita antzerki irakaskuntzan ere, «oso modu naturalean iritsi zen umeentzako ikusgarriak eskaintzeko txotxongilo konpainia bat sortzea».
Juan Kruz Igerabideren haurrentzako olerkietan oinarritutako Boli bili bolin ikusgarriarekin hasi zen Pantzart konpainia bere ibilbidea. Eta 100 emanaldi baino gehiago egin dituzte dagoeneko. Elena Bezanillak dioenez, garaiak aldatu badira ere, «adin horietako umeak ez dira aldatu, gustokoa dute berdin. Koxkorragoak diren 6 urtetik gorako haurrek, aldiz, gero eta gutxiago maite dute antzerkia, pantailak erakartzen dituzte gehiago». Zentzu honetan, belaunaldi gero eta bisualagoak direla ulertzen du, eta egokitu beharra dagoela. «Lehen ipuinak fantasiaz beteriko mundu zoragarriak zabaltzen zituzten, eta orain bisualagoa behar du», argitzen du artistak.
Nolanahi ere, bere lanaren beste ezaugarrietako bat, ondoren publikoarekin elkartzea da, antzezpenak obraren eta publikoaren arteko esperientzia eta topaketa sor dezan. Horrela, adibidez, Kolorez Kolore ikuskizun amaieran koloretako etxetxoa bisita daiteke, edo Amilami obran landare usaintsuak sentitu (eta eraman) edo Boli bili bolin poemak marraztu eskuko programa batean. Bere azken ekoizpenean, Metamorfosien jokoa (2023), elkarrekintza jolasaren eta dantzaren bidez gauzatzen da. Aldiz, urriaren 20an Irungo Elitxu auzo elkartean (10:30ean) Kolorez Kolore taularatuko du denei irekia, Txotxongilorarien Topaketaren programazioaren barruan.