Muturreko fenomeno metereologikoak usu ikusten ditu Bidasoak

Antxeta Irratia 2024ko urr. 18a, 10:32

Agintariek zein hunkitutako partikularrek atzoko uholdeen kalteak zerrendatzeko lanetan diharduten bitartean, Euskalmetek prezipitazio iraunkorragatik alerta laranja desaktibatu du, baina abisu horia markatu du gaur itsasgoraren kostaldeko inpaktuagatik. Goizeko 5:00etatik 7:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara aktibatuko dute abisua.

Gaur goizeko itsasgorarekin hainbat ur baltsa sortu dira Bidasoa bazter eta errakastoetan, eta gutxienez 5 auto istripu gertatu dira. Haien artean 5 autoen arteko istripu larria 8:30ak aldera Jaitzubiko Golfaren parean GI-636 errepidean. Honek zailtasun handiak sorrarazi ditu goizeko lehen orduetan eskualdeko trafiko sarean. Era berean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Hendaia-Zokoa arteko Erlaitzako errepidea hestea erabaki du haize bolada indartsuengatik, gaur eguerditik aurrera.  

Ohikoa den bezala, Bidasoa ibaiak gainezka egin du Santiagotarrak bidegorrian. 

Goizeko itsasgoran bereziki Santiagotarrak bidegorrian eta Real Union pasealekuan egin du gainezka ibaiak, eta Stadium Gal eta inguruko etxeetan ez ezik, ura Kostorbe Alde kaleraino sartu da, Doman eremuraino. 

Atzoko egun konplikatua

Hala ere, atzoko egun zailaren ondotik, Euskalmeten Behobiako eta Jaitzubiko estazio mailak berdera jaitsi ziren atzo iluntzean. Hainbat izan dira atzoko euri erauntsiengatik itsasgora orduetan hunkitutako eskualdeko txokoak. Irudi ikusgarrienak Jaitzubiko errekastoak ekarri zituen, zalditegiaren parean.

Jaitzubiko Zalditegiaren pista urez gainezka zen atzo, eta errekak hainbat auto hunkitu zituen.

Urak GI-636 errepidera ez ezik, zalditegira eta Txingudi Ikastolako Lehen Hezakuntzako seigarren mailako geletaraino sartu zen goizean. Protokoloak aktibatzea kostatu bazuen ere, Eusko Jaurlaritzak aktibatutako Emergentzia Plan Bereziaren aginduz mobilizatu zen Babes Zibila, baina ez zituzten ikasleak ebakuatu, eta normaltasunez amaitu zuten eskola eguna.

Aldiz, Urdanibia jauregiaren aldamenean, zalditegian autoak aparkatzeko erabili ohi den eremuan metro erdi ur pilatu zen, eta korronteak hainbat auto eraman zituen berekin, eta beste zenbait kaltetu zituen. Jaitzubiako zalditegian, aldiz, ez dute uholdeek kalte materialik eragin klubaren instalazioetan.

Ur baltsak hainbat txokotan sortu ziren Irunen, Arbes inguruetan bereziki. 

Gainerakoan, euri erauntsien ondorioz, eta itsasgora koefiziente altuaren eraginez, Bidasoa ibaiak gainezka egin zuen atzo Irunen, Santiagoko bidegorrian eta Meaka auzoan Ibarrola errekastoak arazoak eragin zituen Ibarlan, Meaka auzo elkartea eta hainbat etxetan sartzeraino. Arbes auzoan ere hainbat ur baltsa sortu ziren, eta Blaiako ibilbidean, hilerriko maldantik behera ura etengabe zihoan Artiako zubian pilatuz, Alzukaitz kalea, Ibarrola ibilbidea eta Blaia ibilbidearen arteko bidegurutzea zailduz.

Blaia ibilbidean, hilerriko maldatik behera ura erruz jausten zen atzo, Artiako zubiraino. 

Dunboa auzunean ere alertan egon ziren atzo 17:00ak aldera, uraren altuera ikusita gainezkatzeko zorian geratu baitzen. Endarlatsan ere, N-121 errepidean ur baltsak sortu dira, eta bertako bidegorrian egindako uraren kanalizazio bat ibaira hamildu egin da uholdeen ondorioz. 

Hondarribian ere arazoak suertatu zituzten ur erauntsiek, bereziki Santa Engraziko errekastoan.

Hondarribian, zailtasun handienak Santa Engraziko errekastoak eragin zituen. Gainezka egin zuen itsasgorarekin eta Damarri inguruko etxeetaraino sartu zen. Zumardian ere gainezkatzeko zorian egon zen.

Ohikoa bilakatu da Mendelun, Letxunborro errekastoak gainezka egin eta baratzeak urpetzea. 

Hala ere, azken urteotan marea bizi zein euri erauntsi handiak dauden bakoitzean gerta ohi den bezala, Mendelu auzoa izan zen hunkituena Hondarribian. Letxunborro errekastoak gainezka egin zuen auzoko baratzeak urpetuz. Mendelu auzo elkarteak bizilagunek duten arazoa konpontzeko neurriak aldarrikatu dituzte beste behin ere sare sozialen bitartez. Udalak Azterketa Hidrografikoa egin zuen udaberrian eta ekainean aurkeztu zien auzokideei. Baina URA Agentzia eta beste erakundeen eskumena izanik, uholdeak sahiesteko neurrien proiektua ez da oraindik obratu.  

Hendaian, Beltzenia eta Harri-Xabaleta auzoko xaiak izan ziren atzo hunkituenak. 

Urak hartu zituen ere, Hendaia eta Urruña-Pausuko hainbat gune. Bidasoa ibaiak gainezka egin du Pausuko biribilgunearen inguruetan, eta Hendaiako Intzura auzoko ibai bazterreko etxeetan bezala, Pausuko zenbait xaia eta garajetaraino sartu zen. Hendaian, aldiz, Txingudi badiak gainezka egin du Beltzenian, eta Harri-Xabaleta (Bas Quartier) auzoko hainbat beheko solairu hunkitu ditu.

Urruñako Pausu auzoan ere, Behobian bezala arazoak izan dituzte Bidasoa ibaiaren bazterrean. 

Kalte materialak anitzak izango badira ere, auto istripuez haratago ez da kalte pertsonalik eman. Nolanahi ere, urriaren 23an eta 24an Ficoban ospatuko den Uhinak kongresuan itsasoaren mailaren igoera eta geroz eta ohikoagoak ditugun muturreko fenomeno metereologikoak, eguneroko ogia bilakatu dira Behe Bidasoa eskualdean. Eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek epe luzeko plangintzak ez ezik, behin behineko neurriak hartu beharko dituzte aurrerantzean uholde arriskuak eta haien ondorioak arintzeko. Urriaren 17 honetan emandakoen aurretik, irailaren 18tik 21era emandako marea bizietan ere Bidasoa ibaiak gainezka egin baitzuen arinago. Baina azken aldian hilerokoa ez bada, maiztasun handiko problematika bilakatzen hasia da. 

Dunboako kanalak kezka piztu zuen bizilagunen artean.