AZTIk 2023ko azaroan plazaratutako azterketa batek ohartarazi zuen Bizkaiko Golkoan uraren tenperatura 0,19 eta 0,26 gradu artean emendatzen ari zela hamarkada bakots, eta beroketa prozesua geldiarazi ezean, ondorio nabarmenak jasango genituela berandu baino lehen. Uholde arriskupeko euskal kostaldearen azalera areagotzea, olatuen altuera handitzea edota arrantza jarduera segurtatzeko itsaso hotzagoetara urrundu behar izatea, besteak beste. Izan ere, itsasoaren mailaren igoera ez ezik, itsasoko uraren tenperaturak eragin zuzena du itsasoko ekosistemetan, eta arrain espezieen migrazioan ere.
Urtebete beranduago, Ficoban ospatzen ari den Uhinak kongresuaren seigarren edizioan adituek argi utzi dute, «itzulerarik gabeko puntura iristen ari garela» mundu mailako larrialdi klimatikoari dagokionez. Eta datu zientifikoei eta azken azterketei erreparatuz, prozesua uste baino azkarragoa izan daitekeela igarri daiteke.
Bizkaiko Golkoan anomalia
Euskal kostaldean bertan, 2022ko maiatzatik hona itsasoan tenperaturaren eboluzio anomaloak identifikatu dituzte adituek. Jon Saenz, EHUko irakaslea eta EOLO izeneko metereologia, klima eta ingurumen ikerketa taldeko kidea da. Uhinak kongresuan Bizkaiko Golkoan Asturiasetik Arroxelaraino itsasoaren tenperaturak monitorizatzeko proiektuaren emaitzen berri eman du. Argi du «prozesua serio hartzeko modukoa dela, kezkatzekoa».
Azaldu duenez, 2022ko maiatzaren erditik aurrera tenperatura ia gradu bat igo da modu iraunkorrean. «Guretzat deigarriena da azken 18 hilabetetan, tenperatura altu mantendu dela, ia egunero iraila arte, eta normalean dagoen batezbestekoa baino gradu bateko anomaliarekin», argitu du Saenzek.
Zentzu honetan, uraren «bero espezifikoa» aintzat hartzeko efektua dela dio. «Ez gara ohartzen agian, baina airea berotzea nahiko erraza da, aldiz, itsasoak duen masa kontuan hartuta tenperatura gradu bat igotzeko behar den energia kopurua itzela da», esplikatu du ikerlariak, «anomalia ikaragarria da, eta larrialdi hitza ondo definitu behar dela uste badut ere, kezkagarria bada».
Ikerketa honen arabera, 10 urtero 0,19-0,26 gradu arteko berotzea aurreikusten zuen AZTIk. Baina azken bi urteetan gradu bat berotu izanak kezka piztu baitu adituen artean. Eta neurketak zientziak frogatu ditu. Jon Saenzek azaldu digunez, satelite bidezkoak eta portuetan eta itsasoan termometro fisikoen bidez egindako neurketak dira, eta Optimum Interpolation sistema matematikoa erabiltzen dute emaitza itsas-eremu zehatz bateko datu fidelak irudikatzeko.