Txori migratzaileen Europako “biribilgunean”, pedagogia eta sentsibilizatzea bultzatu dute

Antxeta Irratia 2024ko aza. 4a, 15:32

Gurean udazken epela badugu ere, udazkena da, eta zerura begiratzean txori multzoak ugariak dira jada. Neguko hilabeteak klima epeletan pasatzeko, Europa Iparretik Afrikarako bidean Euskal Herria pasabide eta geltoki izaten dute, Pirinioak saihestuz. CPIE-IHEZIk behatzeko eta ikasteko hitzordua antolatu du.

Bidasoaldean, hainbat hezegune natura erreserbak dira, txori migratzaileen pausaldiak errazteko; Euskal Itsasbazterreko CPIEk eta Txingudiko Ekoetxeak dituzte babesten. Hain zuzen ere, hegaztien jarraipena egiteko eraztuntzeak egiten ari dira azken asteetan, eta bisitak ere antolatu dituzte egunotan.

Euskal Itsasbazterreko CPIEk Urruñako Erlaitzan txoriak behatzeko egunak antolatu zituen joan den astean, Ball-Trap edo tiro eremuan. Jon Frahier misio kargudunak pedagogiaren garrantzia azpimarratu zuen, hegaztien ibilbidea eta jarrera aztertuz bertzeak bertze. Herritar andana batu ziren deialdira, largabistak edo objektibo luzedun kamerak lepoan, ohikoak bai baina ezezagunak diren txoriak hurbilagotik ezagutzeko asmoz.

Euskal Herriak dituen ezaugarri geografikoek txori migratzaileentzat erakargarri egiten dute lurraldea, espezie ezberdinen bide ezberdinak hemen elkartuz. Jon Frahierk azaldu duenez, migrazio bidea ez ezik, “biribilgunea” baita hemengoa: “migrazio bide ezberdinak dituzte txoriek, eta anitzek topo egiten dute hemen”. Horren arrazoia, hezeguneak, tenperatura egokia, mendien hurbiltasuna edo ibai eta errekak bertzeak bertze.

Europako txori migratzaileen %80 Txingudi ingurutik pasatzen da, gaineratekoak Kataluniatik. Lur gainetik egiten dute bidaia, baina gehienak ez dira Pirinioen gainetik pasatzeko gai, eta Kataluniakoa baina egokiagoa da Euskal Herriko klima hegazti gehienentzat. Hala, Europako bigarren hegaztien migrazio gunea dugu Bidasoaldea.

Egunak laburtzen joan ahala, txori migratzaileek Europa hegoalderako eta Afrikako bidean jarraituko dute. Egun batzuez oraindik zeruan izanen ditugu haatik, udaberrian berriz ere berotik ihesi kontrako zentzuan pasa aitzin.