2003. urtean sortu zen Euskal Autonomi Erkidegoan ijito herriarekin batera bere egoera lantzeko lehen batzordea. 2004. urtean, aldiz, osatu zuten lehen plana. Eta geroztik, ospatzen dute Euskal Autonomi Erkidegoan Ijitoen Eguna. Ijito herriak, ordea, “bihotzez” nolabait esatearren, apirilaren 8an ospatzen du bere eguna nazioarte mailan.
Baina egutegiak nabarmendutako halako egunek aitzaki ederra ematen dute gizarte eredu inklusiboagoaz hitz egiteko. Eta horretan, inklusibitatearen alde burubelarri lan egiten duten Kera Emakumeen Ijito Elkarteko (KEIE) Palmira Dual Jimenez eta Ane Toledorekin hitz egin dugu. Emakume ijitoen ahalduntzea eta ijito herriaren historiaren berreskurapenean jarduten du elkarteak. Irungo Lope de Irigoyen kalean dute egoitza, baina Gipuzkoa osoan jarduten du emakume ijito erreferenteak sortuz, eta haien errealitatea lehen planora ekarriz. Aurten, adibidez, emakume ijitoen topaketak antolatu zituzten urrian, emakume abokatuak protagonista izan zirelarik. Bertan erakutsi ahal izan zuten, «badaudela emakume ijito abokatuak direnak, eta ez dutela soilik ijitoentzat lan egiten». Horretan ere, bezero bat baino gehiagok ezustekoa hartu ohi duela aitortzen du Palmirak, bere abokatua ijitoa dela ohartzen denean.
Inklusioa motxilak hustutzeko
Estereotipoen kontrako borroka etengabea dute. Eta inklusioa hitza entzun orduko pozik azaldu da Ane Toledo. Izan ere, «inklusio hitza erabiltzeagatik eta ez integrazioa. Gure aldarrikapenetako bat da hori, integrazioarekin uzten duzulako pisu guztia desberdinengan, bazterketa sufritzen dutenengan, baina inklusioan guztiok egiten dugu zerbait gizartea aldatzeko». Palmira Dual Jimenezek ongi baitaki besteek desberdin sentiarazten dutela ijitua.
Gogoratzen duenez, txikitatik begiratzen zuten desberdin. «Nire familia estrukturala da, ohikoa, baina ni ez nintzen Palmira ikasgelan, zu klaseko ijitoa zarelako, niretzat nire kultura da eta normaltasunez bizi nuen, baina gizarteak egiten gaitu desberdin», dio. Eta desberdintasun hori klasekideengandik baino, helduen aldetik sentitu izan zuen gehiago, ikaskideen gurasoen partetik zein irakasleen partetik ere. «Estereotipoak gainditzea oso zaila da, eta emakume ijitoen kasuan are gehiago. Emakumeak kristalezko sabaiak gainditu behar ditugu, baina emakume ijitook porlanezkoak, gure motxila handia da, eta esklusio hori errealitate bat da», azaltzen du Palmirak.
Etnia ijitoko pertsonek historian zehar jasan duten pertsekuzio eta bazterketa, eta haiengan pentsatu ohi diren estereotipoetatik aldendu nahi dute, baina haien kulturaz harro. Eta bereziki, emakumeek eskubideetan urratsak eman ditzaten lan egiten dute. Gure eskualdean hainbat jarduera antolatzen dituzte urtero, emakume ijito gazteak ahalduntzeko helburuarekin.
@keraelkartea izenez aukituko dituzue sare sozialetan.