Indarkeria matxistarik gabeko jendartea orrialde bakarrean irudikatu dezaten deialdi berezia luzatu diete gazteei

Antxeta Irratia 2024ko aza. 19a, 14:55

Asun Casasola Ipuin Lehiaketak hamar urte betetzen ditu aurten. Ekimena martxan jarri eta 5.000 ipuin geroago, hasierako helburuari eusteko beharretan dira oraindik, eta azaroaren 25etik otsailaren 8ra zabalduko dute lanak entregatzeko epea. Aldiz, urtemuga borobiltzeko, Beldur Barik galan parte hartzeaz gain, GOAZEN! telesaileko lagunen bideo bat plazaratuko dute aurki, gazteen parte hartzea sustatu nahian.

Nagore Laffagen memoria presente mantentzen duen Palmera Monteroko parkean aurkeztu dute aurtengo edizioa. Nagore beti gogoan, haren amaren borroka eta kemena ohoratzen duen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa literatur sariketarekin, genero indarkeria baztertzeko ikuspegi baikorra landu nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek. 

Hamarkada honetan ibilbide oparoa egin du lehiaketak. Izan ere, 5.000 lan jaso dituztela nabarmendu du Oihana Llorente ekimenaren eramaileak. Hala ere, gehienak gazteleraz bildu izan dituzte eta helduen kategorian. «Bitxia da, baina gure deialdiak Hego Ameriketan oihartzuna izan du, eta handik 300 bat ipuin jasotzen ditugu urtero», argitu digu, «horregatik aurten gonbidapen berezia egin nahi diegu Euskal Herriko eskola guztiei, eta Irun eta Hondarribikoei bereziki haien curriculumean leku bat egin dezaten, indarkeria eta literatura landu dezaten euskaraz edo gazteleraz, taldean edo banaka, klasean ala etxeko lan gisa, baina aukera polita da hausnartzeko eta gaia lantzeko» aldarrikatzen du. Parte hartzea errazteko, aurtengo edizioan ez dute ipuinaren gaia edo abiapuntua zehaztu, eta beraz, gai irekia izango da. «Gai zabala eta konplexua dela badakigu, baina indarkeria matxistak izan ditzakeen adiera guztiak ongi etorriak izango dira», animatzen du Llorentek. 

Urte berezia, aparteko ekimenak

Urtemuga borobila izan dadin, hainbat berritasun prestatu dituzte Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren antolatzaileek aurten. Batetik, larunbatean (azaroak 23) ospatuko den Irungo Beldur Barik galan parte hartuko dute, lehiaketaren berri emanez eta Asun Casasolari omenaldi txiki bat eginez. Izan ere, ordu laurdeneko dokumental bat egin dute Nagore Laffagen erailketaren eta Asun Casasolaren borrokaren berri ematen duena, ipuin lehiaketaren garapenarekin batera. 

Bestetik, aurki sare sozialetan oihartzuna izango duen beste bideo bat plazaratuko dute. Hain justu, aurtengo helburuetan finkatu duten gazteen parte hartzea sustatu nahian, GOAZEN! telesaileko lagunek egindako bideo bat izango da, bertako zuzendaria Itziar Gomez irundarra lehiaketaren hastapenetik bidelagun izan dela kontuan hartuta.

Ipuin lehiaketaren antolatzaileek iragarri dutenez, urtero bezala, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera zabalduko dute ipuinak aurkezteko epea, eta 2025eko otsailaren 8an itxiko dute. Sari banaketa martxoaren 13an egingo dute, epaimahaiak lehiaketaren lau kategorietako (heldu zein gazteen euskara eta gaztelerazkoak) sariak erabaki ondoan. Epaileei dagokienez, denak Bidasoaldeko emakumezkoak, literaturan eta feminismoan jorratutako adituak dira. Helduen euskarazko kategorian; Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain. Helduen gaztelerazko kategorian;  Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen euskarazko kategorian; Itziar Gomez, Ainara Maia eta Esther Lopez. Eta gaztelerakoan, aldiz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez. 

Lehiaketaren oinarriak eta lanak entregatzeko baldintzak hemen dituzue