Labore Txingudi, HendaiaKoop eta Maia Permaculture eragileek Irun-Hondarribiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Hendaia-Urruña-Biriatuko kolegioko adinean dauden gazteak eta haien irakasleak "GazteakOn: Elikadura Erronka" lehiaketan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte (hemen oinarriak). Bidasoaren bi aldeetan hezkuntza sistema desberdinak daudenez, Lapurdin Kolegioan ari direnei eta Gipuzkoan DBHko ikasleei zuzenduta dago. Ziburuko Kolegiora ere zabaldu dute lehiaketa, Hendaiako ikasle euskaldun gehienek Ziburun ikasten dutelako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan antolatutako Ideiak 2024, mugaz gaindiko aurrekontu partehartzailean saritutako proiektua da, eta urtarrilaren 31a arte luzatu dute GazteakOn proiektuan izena emateko epea. Argitu dutenez, bideoak egin eta aurkezteko deia luzatzen diete, eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakusteko, gazteek sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eraman eta ideiak garatzeko aukera emateko. Etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin gazteen ikuspuntua ere, beharrezkoa dela sinetsita baitaude.
Proiektu transbertsala
Oihana Galardi, Labore Txingudiko kideak dio ekimenak ez duela eskolan lan zama gehituko, aukera berriak sortu baizik. «Ez genuke nahi irakasleek lan gehigarri bat denik sentitzea, baizik eta eskolan egiten ari diren horri buelta bat ematea, eta bideo formatoan lantzeko aukera dela ohartzea, egindako lana ikasgelan geratu ez dadin», dio proiektuaren eramaileak. Ingurumen hezkuntzan egiten ari diren ohiko lanaren dibulgazioan laguntzeaz gain, ekarpen gehiago egiten ditu proiektuak haien ustez. Maia Permaculture-ko Mayi Lekuonak argi du haien helburua transbertsala dela. «Elikadura jasangarria lantzen delako, baina teknologia eta bideogintza lantzen dute, eta hizkuntzak ere, Bidasoalde osoa aintzat hartzen dugunez, bertako hiru hizkuntzak ere landu beharko dituztelako», gehitu du.
Aurkeztu beharreko bideoa gehienez ere bi minutukoa izango da, eta ikasleek eskualdeko hiru hizkuntzak erabili beharko dituzte (euskara, frantsesa eta gaztelera) haien mezua helarazteko. «Gazteek badute zeresana kontsumo ohituretaz eta elikadura ereduari buruz, eta maiz badira helduak edo besteak sentsibilizatzeko gai», diote. Azken batean, klima aldaketari buruzko ardura gehiegitan uzten dute helduek belaunaldi berrien gainean, baina «erronka honen mamietako bat da publiko heldua konturatzea zer egiten ari diren gazteak, eta gazteek aldarrikatzea esanez hau egiten ari gara», dio Oihana Galardik. Horregatik, Epaimahaiaren Sariaz gain, Herritarren Saria ere izango da lehiaketa honetan, bozka gehien biltzen dituen bideoarentzat.
"GAZTEAK ON: ELIKADURA ERRONKA" lehiaketaren sariak 600€ eta 400€ko balioa izango dute. Eta proiektuaren efektu biderkatzailea bilatuz, ikastetxeekin adostuko dutela iragarri dute antolatzaileek. «Ikastetxean bertan zuhaitzak landatzea, hiri-baratza bat sortzea edo permakulturan oinarritutako proiektu jasangarri bat garatzeko aukera izango da saria, zentro bakoitzak ikusten duenaren arabera», argitu du Mayi Lekuonak.
Izena emateko epea 2025eko urtarrilaren 31 arte luzatu dute www.gazteakon.eus atarian. Eta aski da ikasle talde edo proiektu bakoitzak irakasle edo heldu erreferente bat edukitzea. Posta elektroniko bidez info@gazteakon.eus harremanetan sar zaitezkete.