2021ean Baztango eta eskualdeko ehunka herritarrek kanpaldi bat egin zuten Palacio de Arozteguia SL enpresak euren lurretan egiten ari zen obra geldiarazteko. Izan ere, enpresa honek golf zelaia, 228 familia bakarreko etxebizitza eta luxuzko hotel bat egin nahi ditu bertan eta herritarrak horren kontra mugitu ziren. Ez da aldi bakarra herritarrak kolektiboki honen kontra agertzen direla. Itziar Torresek aipatu duenez, “honek alimaleko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian, baina herritarrek 20 urte daramatzate honen kontra borrokan”. Urte guzi hauetan, “etengabe judizializatuak” izan dira, “bai herritarrak eta bai alkateak ere”, eta orain zazpi dira otsailaren 3tik 7ra epaitegietara eramanen dituzten herritarrak, Torres tartean.
Epaitegietara jo baino lehen, “fiskalak akordiorako deia” egin zien auzi honen bi aldeei eta Itziar Torresek argitu bezala, zazpi herritarrak bertan izan ziren, “zentzuzko akorio batera ailegatzeko borondatea agertuz”. Zazpi auziperatu hauei “talde kriminal antolatu bat” izatea egotzi zaie eta 56.000 euroko isuna jarri, 20 urteko kartzela zigorraz gain. Torresek bi gauza utzi nahi izan ditu argi. Alde batetik, auziperatuek “ehundaka herritarrekin batera obra gelditzea lortu dugu, gure gorputzak makinen aitzinean paratuz. Guk hau publikoki egin dugu eta desobedientzia ekintza konkretu hau harrotasunez onartzen dugu, baita bere ondorioekin ere”. Horregatik beragatik, “56.000 euroko isuna ordaindu dugu, herritarren eta kolektiboen laguntzarekin”. Hau ez baita “zazpi lagunen istorioa soilik, baizik eta herri oso baten borroka historikoa”, gaineratu du.
Bertzalde, talde kriminal akusazioa ez dutela inolaz ere onartzen adierazi du Torresek: “Gezurra da. Palacio de Arozteguiak talde kriminal honen akusazioa, kosta ala kosta, nahi du, Espainiako eta Nafarroako Gobernuekin auzi bat duelako. 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatzen die kanpaldiaren aitzinean gobernuek ez dutelako neurririk hartu eta babes gabe gelditu direlako eta beraz, proiektua bertan behera utzi behar izan duelako. Azken hau ere gezur handi bat da, UGEP-ak (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) indarrean segitzen baitu. Guk soilik obra gelditu genuen momentu batez”. Honez gain, akusazio honek “Euskal Herriko mugimendu herritarrendako badu fondo bat. Honek bidea irekitzen du edozein protesta terrorismo bezala hartzeko”, aipatu du.
Proiektu hau osotara gelditzeko ardura Nafarroako Gobernuak duela erran du Torresek, UGEP gisa edo interes orokorreko proiektu bezala ez izendatzekoa alegia. Honek ez duenez deus ere egiten, “herri mugimenduarekin gelditu” beharko dela argi du auziperatuak. Horretarako, otsailaren lehenean manifestazio nazionala deitu dute Iruñean, eta Euskal Herriko herritar guztiak deitu ditu bertan parte hartzera: “Borroka hau Baztanen kolektiboki eman da eta horrela erantzuten dugu beti, kolektiboki. Manifestazio nazionala deitu dugu auzi honek Euskal Herriko garrantzia duelako gure ustez. Landa eremua kinka larrian da, lurraren defentsa kriminalizatu nahi dute eta hau ez da Baztango afera bakarrik”.
Palacio de Arozteguiaren proiektuaren kontra mugitzen den kolektiboa ttikia denez, “Euskal Herriko txoko guztietako laguntza behar” dutela onartu du auziperatuak eta horretarako prestutasuna dutenei, aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbide elektronikora idaztea eskatu die, herri desberdinetan honi elkartasuna adierazteko ekintzak egin nahi badituzte hain zuzen ere.