Gipuzkoa osoan zabaldu den Altxa Burua mugimenduaren helburuei jarraiki, Irunen ere izen bereko taldea sortzeko ahaleginetan ari dira zenbait ikastetxeetako guraso elkarteen eskutik. Hainbat kezka eta beharretatik batzen ari dira eskualdez-eskualde gurasoak. Seme-alabei interneterako sarrera duten gailuen erabilera atzeratzea, eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasguneak bilakatzea eta, orohar, heldu zein gazteen artean teknologiaren erabilera lortzeko formakuntza bultzatu nahi dute.
Horretarako, Toki Alai ikastetxeko Alaikiro guraso elkarteak hitzaldi informatiboa antolatu du bihar (abenduak 4) 18:30ean Arbesko eskolan. Ikastetxeetan Irungo Udala garatzen ari den Teknoklik programaren formatzailea Mikel Cerezoren “Helduak, teknologia eta seme-alabak” solasaldian gurasoak informatzen hasi nahi dituzte. Maialen Sistiaga, Alaikiro guraso elkarteko kideak azaldu digunez, «Teknoklik programa LH6ko ikasleei eta irakasleei zuzenduta dago, baina errealitatea da gero LH1etik (6-7 urtetik) aurrera dagoeneko ikasle batzuk badituztela erloju adimendu horietarikoak». Izan ere, ez da smartphone gailuen erabilera arazo bakarra.
Irunen saretzen hasiak
Baina Toki Alai ikastetxeaz gain, Eguzkitza, La Salle eta Txingudi Ikastolan ere gurasoek kezka azaldu dute azken asteotan, eta saretzen hasi dira. Alaikiro guraso elkartearen kasuan, gabonetako kanpaina aprobetxatu nahi izan dutela aitortu digu Sistiagak. «Sakeleko telefonoa ala erloju adimendua erosi edo ez erosi pentsatzen ari diren guraso horiei mezua helarazi nahi idegu, erabakia atzeratu dezaten», dio. Gurasoen kezka eta beldurretatik abiatutako mugimenduak hausnarketa kontzientea sustatu nahi baitu. «Hori da gakoa, gurasoek ere informazio nahikoa eduki dezaten erabaki kontzienteak hartzeko euren seme-alaben onerako, jakinda zer nolakoa eragina izan dezakeen horrek haiengan», argitzen du Alaikiro elkarteko kideak.
Beste herrietan bezala, guraso inplikatuak daude mugimendu honen atzean, euren seme-alaba haur ala nerabeen smartphonen erabilera goiztiarrarekin kezkaturik. Hondarribian badira bi urte, Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako guraso elkarteetako kideak batu egin zirela, eta Udalaren babesaz gain, hezkuntza zentroetatik ere gaiari neurri hartzeko konpromisoa lortu dute. Gaur, abenduak 3an, enegarren hitzaldia antolatu dute Altxa Burua Gipuzkoako sortzaileetako bat den Miren Rosi adituarekin. Talaia-Bordari ikastetxeko aretoan izango da 17:30ean. Lanean ari dira, eta joan den urteaz geroztik ekimen praktiko bat ere martxan jarri dute Hondarribiko merkatariekin lankidetzan. Gotti Burua pegatina berdeen kanpainari ekin diote, herriko haurrek bertatik gurasoei dei diezaieketela adierazteko. Sakeleko telefonorik ez dutelako behar horretarako.
Tamalez, «ohikoa bilakatu da nerabe eta gazte taldeak kalean elkarrekin ikustea, baina elkar begiratu gabe norbere pantailari begira». Gotti Burua elkartetik argi dute haur eta gazteek garatzen ari diren menpekotasuna «arazo larria» dela. Izan ere, eskoletan abstinentzia sindromea detektatzen hasi direla ohartarazi dute, eta haur-gazte-nerabe hauen heldutasun kognitibo eskaxaren ondorioz, haien harreman sozialetan ere eragin nabarmena duela. Arrazoi beretsuek bultzatuta, Hondarribian bezala Irunen ere aktibatu dira gurasoak neurriak hartzeko prest. Eta bera bezala, dagoeneko saretzen ari diren beste guraso elkarteetako beste asko ere. «Interesa izan dezakeen edozein gurasok bere eskolako guraso elkartera jo dezala dei egin nahi dugu, ea Altxa Burua Irun sortzea lortzen dugun», dio Sistiagak deialdia luzatuz.
Mugikorrik gabeko arnasguneak
Irungo zenbait eskoletan internetera sarrera duten gailuen erabilera debekatzeko erabakia hartu dute dagoeneko. Txingudi Ikastolan bezala, Toki Alai ikastetxean ere, guraso eta irakasleen artean adostu eta Eskola Kontseiluak onartuta. Baina orain arte eskola bakoitzaren esku geratzen zen erabakia, eta hain justu atzo, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Altxa Buru mugimenduak Hezkuntza Sailak hau dekretu bidez arautu dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Asko dago egiteko, eta «eskolan arazoak sortzen dituzte gailu hauek, argazkiak egin ditzazketelako eta sareetan hedatu, baina erabilera goiztiarrak berak gure seme-alabengan dituen ondorioak sakonagoak dira, mugikorrik gabeko arnasgune bilakatu diren ikastetxeetan frogatu dute errendimendu akademikoa hobetu dutela, ziber-jazarpena apaldu egin dela, eta badira arrazoi nahiko neurriak hartzeko», azpimarratzen du Maialen Sistiagak.
Irunen Altxa Burua taldea eratu nahi dute. Eta Hondarribia baino handiagoa izanik, ikastetxe gehiago eta gizarte anitzagoa, konponbide konplexuagoa izan dezaketela jakin badakite, baina erronka onartzeko prest azaldu da Maialen Sistiaga. Goizeko Kafean izan dugu ernaltzen hasia den proiektuaren berri emateko.