Jostailu bilketa kanpaina zabala antolatu du Gurutze Gorriak eskualdean

Antxeta Irratia 2024ko abe. 11a, 09:32

Irun eta Hondarribiko Gurutze Gorriaren egoitzetan jostailu berriak, ez belikoak eta ez sexistak jasotzen dituzte egunotan. Eta abenduaren 13an Artalekun ere jasoko dituzte Bidasoa Irun-Atletico Valladolid eskubaloi partida aprobetxatuz. Bidasoa Irunek bat egin du kanpainarekin, eta atsedenaldian "pelutxe zaparrada" bat antolatu dute.

Gurutze Gorriak herriko haur eta familia zaurgarriak gabonetan laguntzeko jostailu bilketa kanpainari ekin dio. Urtero bezala, Gipuzkoako Gurutze Gorriak antolatzen duen ekimenaren baitan, “Jolastea eskubide da” lelopean ari dira haur guztiek gabonetan jostailu bat opari jaso dezaten ahaleginetan. Antolatzaileek gogoratu dutenez, jostailuak heziketa tresna ere badira, eta haurtzaroa da pertsonen garapen integralerako etaparik garrantzitsuena. Horregatik, "Jostailu hezitzailea" proiektua jostailuen banaketatik harago doa, familiei balio eta joko osasungarrietan hezteko tresnak ematea bilatzen baitute. Zentzu honetan, Gurutze Gorriak haur bakoitzari, bere adinari egokitutako bi liburu banatzeko konpromisoa hartu du aurten, irakurzaletasuna sustatzeko.

Aldiz, herritarrei jostailuak eskatu dizkiete kanpaina borobiltzeko. Jostailuak ez sexistak eta ez belikoak izan daitezela eskatzen dute, eta ahal den neurrian pedagogikoak eta jasangarriak. Hondarribian bezala, Irungo Gurutze Gorriak ere egingo du bilketa kanpaina. Gurutze Gorriko kanpainaren eramaileek azaldu dutenez, garai batean erabilitako jostailuak ere onartzen zituzten, eta Bidasoaldean 2.000 inguru jaso ohi zituzten urtero “Haur Bat, Jostailu Bat” kanpainari esker. Baina pandemiaz geroztik, berriak besterik ez dituzte onartzen. Hasiera batean osasun neurriek behartuta, baina haur guztiek eskubide berberak dituztela kontutan hartuta formula horrekin jarraitzea erabaki zuten. 

Aurtengo kanpainan lagundu nahi duenak, Hondarribiko Molla ibilbideko 7.ean edota Irungo Euskal Herria hiribidean Gurutze Gorriak dituen egoitzetan entregatu daitezke jostailuak.

Hala ere, aparteko aukera emango du ostiralean Bidasoa Irunek Artalekun. Kanpainarekin bat egin baitu, eta Gipuzkoako Gurutze Gorriarekin lankidetzan, heldu den ostiralean, abenduaren 13an, 20:45ean Artalekun jokatuko den Bidasoa Irun-Recoletas Atletico Valladoliden arteko partidan jostailuak jasoko dituzte Artalekuko instalazioetan. Gainera, jostailuak entregatzeaz gain, atsedenaldian pelutxe zaparrada bat antolatu dute.