Udan hasitako Gaztetxe baten aldeko borrokari jarraipena eman diote, joan den urrian Hondarribiko Udalarekin elkarrizketa bidea agortutzat eman eta gero. Eta aastearte honetan lokal bat bere kabuz irekitzearen alde egin du asanbladak Irungo Eguzkitza kalean. Joan den uztailean, Hondarribiko San Telmo jauregiaren (Piraten Gaztelua) lorategia okupatu zuten 30 bat gaztek, eta «herriari eskaini ziezaiola» eskatu zioten udalari «gazteen azpiegitura beharra asetzeko».
Garai haietan, Hondarribiko Udalak jabe pribatu bati 3,5 milioi eurotan ondare historiko-arkitektoniko hau erosia zion dagoeneko, eta indusketa arkeologikoak egin behar zituztelarik, «segurtasun arrazoiengatik» udalak bertatik alde egitera behartu zituen. Ertzaintzaren dispositibo ikusgarri batek kanporatu zituen. Eta Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak udaletxeko arkupeetara eraman zuen akanpada. Gaua bertan egin eta biharamunean elkartu zen Igor Enparan alkatea haiekin zituzten aldarrikapenen berri jasotzeko.
Bilera hartan elkarrizketa prozesu bat abiatzeko adostu zuten, gazte langileen asanbladak bilatzen zuen Gaztetxe proiektuarentzat egoki izan zitekeen egoitza bat bilatze aldera. Irailaren erditsuan egin zuten aurreneko bilera, eta asanbladako kideek urrian egindako azken bileraren amaieran azaldu zuten, «negoziazioa fase berri batean» sartu zela. Izan ere, udalak lokal posible baten eskaintza luzatu zien. Baina «Gaztetxe baten proiektua garatzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten espazioak soilik eskaini dituzte, eta bertara sartzeko moduan ez daudenez, heldu den urtera arte itxaron beharra zegoen».
Egoera hori ikusita, asanbladak bere kabuz antolatzea erabaki zuen orduan. Urrian aditzera eman zutenez, «dagoen agintari politikoa dagoela, instituzioetatik ez dugu inoiz jasoko benetan gazteria langilearen antolakuntza posible egingo duen iniziatibarik, beraz ez dugu beste aukerarik». Hala ere, Gaztetxe bat lortu arte lanean segituko zutela berretsi zuten. Eta abenduaren 10ean iluntzean jakinarazi dute Urdanibia plaza aldamenean dagoen Eguzkitza kaleko egoitza bat okupatu dutela.
Aurki informazio gehiago emango dute.