Atzo eguerdian Igor Enparan alkatearekin izandako bileran alkateak hartutako konpromisoak «akanpadako jaso eta etxera joateko aski» dela erabaki zuten atzo Bidasoko Langile Gazteen Asanbladak 17:00etan egindako asanbladan. Arratsaldean aurreikusiak zituzten jarduerak mantendu zituzten, eta 20:30ean gazteek egoeraren irakurketa egin ondoren, Udal Gobernuarekin nolabaiteko bideorria zehaztu dutelakoan konforme azaldu dira gazteak.
Bidasoko Langile Gazteen Asanblada eratu berria bada ere, Hondarribiko Gazte Asanbladan eskarmentua duten herriko gazteek ere parte hartzen dute. Eta 2019an Alde Zaharreko Egiluze jauregia okupatu zuteneko garaiarekin alderatuta, «udal gobernuaren erantzuna oso desberdina» izan dela aitortu dute Antxeta Irratian asanbladako kideek, «bai bileran emandako edukietan, baita tempusean ere». San Telmo gaztelua uztailaren 16ko arratsaldean okupatu eta 24 ordu pasa ez zirenean bildu baita alkatea haiekin soluzioen bila.
Halere, euren proiektuan ere, aldeak daudela aitortu digute gazteek. «Garai haietan gaztetxe proiektu bat zegoen eta Egiluze okupatu eta proiektua garatu genuen, orain duela hilabete eratu dugu asanblada eta ez dugu proiektu zehatzik, baina egoitza baten beharrak jota, Udal Gobernu berriaren jarrera eta borondatea topatu dugu», argitu dute uhin hauetan. Aldiz, «hitzez topatu dugun babesa, fisikoki errealitate bilakatzea espero dugu, eta gure lanketarekin jarraituko dugu helburu horrekin», iragarri dute. Izan ere, ekintza gehiago iragarri dituzte, eta herriko gazteriari mobilizatzeko deia luzatu diete.
Hala ere, Hondarribiko Udal Gobernuak Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak egiten dituen aldarrikapenak ulertzen dituela argitu zuen atzo Antxeta Irratian alkateak. Igor Enparanen arabera, «bereziki turismo eredua eta etxebizitza zein espazio publikoari dagokionez gazteen beharrak ulertzen ditugu». Horrenbestez, gaztetxe batentzat egoitza bilatzeko bideorri argi bat proposatu eta elkarlanerako konpromiso zintzoa adierazi die alkateak.
Momentuz ez dute hurrengo bileraren datarik finkatu, baina abuztuaren lehen hamabostaldian elkarlanean aterabideak bilatzeko hitza eman du Udalak, egun batetik bestera espazio bat bilatzea zaila izango dela iragarri badie ere. «Bien arteko lankidetzan negoziaketa bat eman beharko da, eta horrek suposatzen du hartu-eman eta malgutasuna beharko dela», aitortu du gazte asanbladak.