Lesakako Udalak argi adierazi du ez duela «inolako mehatxu eta eraso faxistarik onartuko», eta memoria historikoaren eta frankismoaren biktimen erreparazio lanean konpromisoa berresten duela. «Iraganeko zein orainaldiko faxismoa ez dugu onartzen, ezta onartuko ere», azpimarratu dute ohar baten bidez. Lesakako EH Bilduk bere partetik, «Lesaka herri antifaxista» dela aldarrikatu du sare sozialetan, eta aitzinean egonen dela.
Azken aldian ohikoak bilakatu dira halako pintaketa eta erasoak. Aste honetan bertan, Irungo Lakaxita Gaztetxean ere antzeko pintaketak egin dituzte gaztetxearen hormetan. “Guerra sin cuartel”, “Stop LGTBI”, "Defend Europa" edota "Fuera Degenerados” dioten pintaketak izan dira, eta gazte asanbladak eraso «nazi-faxistak» salatzeko protesta bat antolatu dute abenduaren 21ean, Santomas egunean 13:00ean Moskun (Sargia parkearen aurrean) "Faxismoaren aurrean LAKAXITA tinko!" lelopean.
Ez da lehen aldia Lakaxita erasotua izan dela, ezta Bidasoaldean azken aldian ezabatu behar izan duten mezu faxista bakarra. Duela hilabete eskas, "Europa babestu" idatzi zuten Hondarribiko Portuan ere.