Euskal Herriko hezegune garrantzitsuenetarikoa da Plaiaundiko Parke Ekologikoa. Europako hegazti migratzaile espezieen %80 inguru pasatzen da urtero bertatik atseden hartzera. Eta klima aldaketaren kontrako CO2 hustubide naturala izateaz gain, gune babestua da bere baitan gordetzen duen biodibertsitate aberatsarengatik. Baina bere ur geldoak bezala, bere horretan esperoan darama 10 urte San Lorentzo urmaela lehengoratua izateko.
Hezegune babestuaren bihotz-bihotzean dauden Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko esperoan daude batetik. Duela 30 urte erabaki zen Europako zuzentarauek aginduta legez kanpokoak zirela, eta 2018an Irungo udalbatzako oposizioko taldeek gobernu sozialistaren iritziaren kontra onartuta (EAJ, Elkarrekin Podemos, EH Bildu), oraindik ere Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak izenpetutako 6 milioi euroko hitzarmena berritu beharra dago aurrera egin dezan. Baina hezegunea birnaturalizatzeko beste zenbait proiektu mahaigainean dituzte agintariek 1994an Txingudi Antolatzeko Plan Berezia onartu zenetik. Honakoa hamaika aldiz urratu dela salatu du Eguzki talde ekologistak. «Kudeaketa gabeziez beteta egon da, eta San Lorentzoko proiektuarekin gertatzen ari dena da adibiderik argiena», diote ekologistek.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2014an Txingudiri buruz egin zuen diagnostikoan «premiazko lehentasunezkotzat» jo bazuen ere, ez zen 2021eko otsaila arte izan, Arantxa Tapiak, une hartan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak San Lorenzoko urmaela handitzeko proiektua lanak urte hartako «bigarren seihilekoan» hasteko moduan egongo zirela iragarri zuela. Orduko Irungo eta Hondarribiko alkate ziren Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazuk lagundu zuten sailburua aurkezpen hartan, baita Jose Ignacio Asensio PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumeneko diputatuak ere.
Eguzki talde ekologistak oraino lanen arrastorik ez dagoela salatu du. Sailburuak berak 2022ko otsailaren 3an Plaiaundiko parke ekologikora egindako bisitan azaldu zuen, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko San Lorenzo urmaela handitu eta hezegunea lehengoratzeko 4,6 milioi euro bideratuko zituela. Gerora argitu zuten, proiektua idazterakoan ez zituztela kontutan hartu «eremuaren berezitasun geotenikikoak eta morfologikoak» eta horren ondorioz, «egokitzapen lan garrantzitsuak» egin behar izan zirela. Hala ere, behin egokitzapena eginda, 2022ko otsail hartan bertan Tapiak iragarri zuen lanen lizitazioa, aipatutako 4,6 milioi eurokoa, eta 14 hilabeteko epea eman zuen lanak egiteko, 2022ko udan hasiko zituztela iragarriz.
Eguzki talde ekologistak salatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa bete beharrean, Espainiako Gobernuak lanak bere gain hartzeko proposamena egin eta Lakuak onartu egin zuen 2022an bertan. Agintarieki argitu zutenez, «San Lorentzora bideratzeko asmoa zuen dirua Txingudiko Plan Berezian aurreikusita dauden beste proiektu batzuetara bideratzeko aukera» ematen zuen honek, eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 2023ko udaberria lanak lehiaketara atera ondoren, udazkenean esleitu zituen. Emandako plazoen arabera, lanak 2024ko urtarrilean hasiko zituztela iragarri zuten.
Txingudiko Plan Berezia betetzeko 30 urteko atzerapena
Anartean, urmaela handitu eta lehengoratu gabe jarraitzen du, eta astero-astero Bidasoa Atletiko Taldeko eta Txingudi Errugbi Klubeko 600 haur eta gazte kirolarik zeharkatzen dute natur parkea, haren bihotzean dauden atletismo pistak eta errugbi zelaia erabiltzeko. Azken 30 urtetan prekarioan daramate bertan, inbertsio berririk gabe, eta klubek, kirolariek eta haien familiek behin baino gehiagotan salatu dute «sarbideak ilunpean eta kirola egiteko baldintzak ez direla betetzen». Azken urteetan behin baino gehiagotan utzi behar izan dituzte bertan behera kirol lehiaketak pista urez gainezkatzen delako. Baina ez dute beste alternatibarik.
Hala ere, 2024 honetan Bidasoan eta Pierre Lotin bidegorria egiteko lanak hasi dituzte. Eta parke ekologikoa eta Ekoetxea sareko interpretazio zentroa bisitatzeko Plaiaundiko aparkalekuak birmoldatzeko lanak aurreratuta dituzte. «Parkeak berak, berriz, gero eta abandonu zantzu gehiago ditu. Argi dago parkearen mantenua eta Txingudiko planen betetze maila eskasa dela», kexu da Eguzki taldea.