Tadamum Txingudiko Sahararen Lagunen Elkarteak urteroko Sahararen Aldeko Euskal Karabana elikagaiez betetzeko kanpaina abian jarri du. Urtarrilaren 24an eta 25ean Irungo eta Hondarribiko 14 supermerkatutan bilduko dituzte elikagaiak, eta bidasotarren elkartasuna ez ezik, bete behar dituzten 60 bat txandak osatzeko bolondresak ere behar dituztela gogoratu dute, supermerkatuetan ordutxo batzuk saharar herriaren alde emateko.
Aljeriako Hamadan, basamortuan, Tindufeko errefuxatu akanpalekuetan egoera larria da oso, eta ia 200.000 saharar mende erdi erbestean eta laguntza humanitarioaren menpe bizirauten daramaten honetan, azken urteetan nazioarteko laguntza apaldu egin diete nabarmen. Batetik Espainiako Gobernuak Munduko Elikagai Programarentzat bideratzen duen dirulaguntza apaldu delako, eta nazioartean martxan dauden Gaza edo Ukrainako gatazka eta gerrateen ondorioz ere, erakunde honek bideratzen duen janari-saskia %30 murriztu dielako. Horren ondorioz, bertako haurren %40a inguruk anemia pairatzen du gaur egun.
Tadamum elkartetik oroitarazten dutenez, sahararren errefuxiatu kanpalekuetan, tamalez, muturreko egoeran daude, eta osasun arazoak ugaritzen doaz: «5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen du, eta haurdun dauden emakumeei dagokienez, anemia kasuak asko dira. Hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argal eta txiki geratzen dira haurrak».
Maritxu Arbelaiz, Tadamum elkarteko kideak aipatu digunez, «euskal karabana iristen denean kanpamenduetako familia guztien artean banatzen da, eta esperoan daude beti, familia askok laguntza hau gabe ezingo luketeelako aurrera egin». Gehienek fruta, barazki eta janari freskorik ez dute eskura, eta laguntza humanitarioa ezinbestekoa dute. Aurtengoan gainera, zenbait akanpalekuetan irailan jasandako uholdeen ondorioz egoera are larriagoa dute.
Oinarrizko elikagaiak
Iazko kanpainan euskal karabanak 40 tona janari eraman zituen Gipuzkoatik, eta horietatik 10 tona Bidasoaldean bildutakoa zen. «Irunen eta Hondarribian beti egon da elkartasun berezi bat saharar herriarekin», argitzen du Arbelaizek. Aurtengoa antolatzen duten 20. elikagaien kanpaina da. Eta beti bezala, kontserba latak, pasta, arroza eta lekaleak (edo lehor kontserba daitezkeen oinarrizko elikagaiak) bilduko dituzte, baita olioa, jaioberrientzako pardelak eta hauts-esnea, eta emakumeentzako konpresak bezalako higienerako materiala.
Honako tokietan urtarrilaren 24an ostiralean 17:00etatik itxi arte eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etara.
- Irun eta Hondarribiko BM supermerkatu guztietan: Anzaran, San Migel, Anaka, Serapio Mujika kalekoan, Palmera Montero eta Alarde eremukoan Irunen. Eta Hondarribiko Muliate eta Zezen plazakoan.
- Eroski supermerkatuetan: Juan Arana kalekoan eta Pinudi auzokoan. Eta Hondarribian Presa-Harresilandakoan eta Santiago kalekoan.
- Era berean, Irungo Iparralde hiribideko SuperAmara, Mendibil merkatal-zentroko Netto saltokian ere bilduko dituzte elikagaiak bolondresek.
Bestalde, eskualdeko ikastetxeei ere luzatu diete laguntzeko eskaera. Azken urteetan Txingudi Ikastolak, Elatzeta ikastetxeak eta Bidasoa Institutuak bat egingo dute kanpainarekin Irunen, eta Hondarribian Talaia-Bordarik, Satarkak eta Biteri eskolak ere bat egin dute egitasmoarekin. Ikastetxe bakoitzak jakinaraziko die gurasoei haien bilketa datak zeintzuk diren. Bilketa egin ondoren, Gurutze Gorriko kideek jasoko dute materiala Tadamum elkarteak Belaskoenea industrialdeko 32. lokalera eramateko.
Antolakuntzak oraindik ez du euskal karabana noiz abiatu ahalko den zehaztu, logitika ez ezik, burokraziaren baitan ere daudelako. Baina Bidasoan bildutakoarekin bezala, Euskal Herriko beste herrietan jasotakoa otsailaren bukaera aldera bidali nahi dute Aljeriara. Garraiorako bigarren eskuko kamioiak eta furgonetak erabiltzen dituzte, eta Tadamum elkarteak argitu duenez, DBus Donostiako autobus gidariek parte hartzen dute bolondres gidari lanetan Alakanteko porturaino karabana eramateko. Bidea luzea izaten da, eta burokrazia korapilatsua. Iazko karabana, adibidez, otsaila bukaeran abiatu bazen ere, ez zen maiatza arte Tindufeko bost errefuxatu kanpalekuetan banatu ahal izan Aaiun, Auserd, Esmara, Bojador eta Dajlan.