Bideoak

«Hiru haur sahararretik bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik»

Aimar Lopez, Koldo Nausia 2024ko eka. 7a, 15:43

Aljeriako errefuxiatu zelaietan haurren erdia desnutrizio egoeran dago, eta helduetan anemia kasuak ugaritzen doazen bitartean, Munduko Elikagai Programak bideratzen duen janari-saskia %30 murriztu die.

Mendebaldeko Sahararren errefuxiatu kanpalekuetan, tamalez, muturreko egoeran dauden honetan osasun arazoak ugaritzen doaz: «5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen du, eta haurdun dauden emakumeei dagokienez, anemia kasuak asko dira. Hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argaltxo eta txiki geratzen dira», gaineratzen du Junkal Bauza De Apodakak goibel.

Hartara, Euskal Herritik antolatzen duten Elikagaien Euskal Karabanak egoera zertxobait arindu duelakoan dago. Izan ere, joan den otsailan antolatu zuten eskola eta supermerkatuetan bilketa, baina joan den astean iritsi zaiela argitu digu aktibista honek. Martxoan abiatu zen karabana, eta bera joan zen Alakanteraino kamioietan. Handik Aljeriako Oraneko portura barkuz janaria eramateko gero. Baina burokrazia arazo geroz eta gehiago jartzen ari dizkiete urtetik urtera. Eta karabana bi hilabetez blokatua egon ondoren, joan den igandean iritsi zen Tindufeko bost kanpalekuetan banatzeko, Aaiún, Auserd, Esmara, Bojador eta Dajla. 

Oztopo guztien gainetik, herritarren laguntza iritsi iristen da, bistan denez. Kasu honetan, aurtengo karabanak 40 tona janari eraman ditu Gipuzkoatik, eta horietatik 10 tona Bidasoaldean bildutakoa zen. «Azkenean hau arazo politiko baten ondorio da, gure eskuetatik eskapo egiten duena. Baina ezin dugu ahaztu 50 urte daramatela horrela, eta gu haiekin ez bagaude, bada zeinek lagunduko du herri hori?», galdetzen du Junkalek.

Hala ere, ongi elikatzeko ez ezik, kalitatezko ura edatea ere eskertzen dute Oporrak Bakean programari esker gurera datozen haurrek. NBE erakundeak emergentzia egoeran (katastrofe egoeran) pertsona bakoitzari bermatu behar zaion gutxieneko 22-25 litro ur eguneko ez baitute sahararrek. Gaur egun 17 litro ur dute egunean edan, garbitu, sukaldatu eta denetarako. Ura ere urre likidoa da haientzat beraz. Uda hontako "besarkadari" esker, aldiz, bapo jan eta edan ahal izango dute bi hilabetez. Baina agintariek tragedia humanitarioaren aurrean ez ikusiarena egiten duten bitartean, herritarren gizatasunari esker beharko du berriz ere.