Bideoak

Olaia Inziarte izan da "Antxeta Zuzenekoak" bideo-kontzertu saioko lehen gonbidatua

Aimar Lopez 2025ko urt. 10a, 16:00

Igandean argitaratuko du "zerrautsa" bigarren lan luzea Inziartek, lehen diska kaleratu eta bi urte pasa direnean. Bost kantu zuzenean eskaini ditu Antxeta Irratiko estudioan, akustikoan.

2022an argitaratu zuen "Lehengo Lepotikan Burua" bakarkako lehen diska musikari gazte baztandarrak. Geroztik, Euskal Herri osoko oholtza, ostatu eta telefonotan entzun da bere musika.

Pop lasaiari doinu elektroniko eta rock bortitzagoa uztartzen dizkio Olaiak: amorrua adierazteko batzuetan, erritmo biziagoen xerka bertzeetan. 2025eko urtarrilaren 12an argitaratuko du "zerrautsa" bigarren lan luzea. Aste batzuk lehenago Antxeta Irratian izan genuen, zuzeneko eder hau eskaintzen.

Bost kantu hautatzeko eskatu genion Inziarteri, eta bere ibilbide artistikoa islatzen dituen bost jo zituen: "eman abisua" lehenik, diska berriko singlea. "Denak Begira Daudelaik" ondotik, bi disken artean 2023ko udan argitaraturikoa. "MJ" ondotik, Maria Jesus amatxiri eskainitako jota. Petti & Etxeko uzta taldearen "Ni naiz" kantuaren bertsioa ondotik, eta "Berak badaki" azkenik.

Eguberri Kantuz emankizunaren baitan eskaini zuen zuzenekoa Olaia Inziartek Antxeta Irratian. Azken urteetako arrakastaren gorabeherez, diska berriaren sorkuntzaz, eboluzio musikalaz eta bertze hainbat gai pertsonalago ere izan genituen hizpide. Jarraian entzungai da emankizun osoa.