Bideoak

Pantxix Bidart egonaldi artistikoan izan da Nekatoenean, "ilusio handi bat" den lehen liburua idazten hasteko

Jose Luis Aizpuru, Aimar Lopez 2025ko urt. 20a, 16:00

Nekatoenea eta Hugoenea sorkuntzaren lorategi izan dira joan den udazkenean, CPIE eta EKEk elkarlanean antolaturiko programaren baitan. Musika munduan artista konfirmatua bada, literaturaren munduan lehen pausuak ditu Bidartek.

Euskal Kultur Erakundeak eta CPIEk elkalanean egonaldi artistikoak antolatzen dituzte urtero Hendaiako Nekatoenean eta Pasai Donibaneko Hugoenean. Aurten, Pantxix Bidart musikari hazpandarra izan da hautatua, bere lehen liburua idazteko.

Fikzio historiko bat idazten hasi da bertan, bere Hazparnen 1960. Hamarkadan kokatua. Euskara, kultura, politika eta errefuxiatuak erdigunean, Txillardegiren "Euskara Erdigunean" liburua irakurtzean sortu zitzaion ideia. Euskal Herriaren historia hurbilean garrantzia handia izan duten hainbat pertsona "etxetik 500 metrora" izan zituela ohartu zen idazle donostiarraren liburua leiturik, eta ikertzen hasi zen. Hamabost bat urte geroago ekin dio idazteari.

Lehen liburua izanik, zalantzen, sorpresen eta deskubrimenduen artean ibili da Pantxix Bidart Nekatonean. Azaldu duenez, bere ideia aurkeztean ez zuen espero egonaldi artistikorako hautatua izanen zenik, eta lehen harridura hori gainditurik, mundu berri bat ezagutzeko parada izan du.

Lehen lerro eta orriak udazken-negu garaian Abadia eremuan eta Pasaiko badiaren parean idatzi baditu, idazketa lasai hartu nahi du Bidartek. Bere buruari erronka jarri dio hala ere gure mikrofono aitzinean, eta 2026ko Ziburuko Liburu eta Diska azokarako prest izatea nahi lukeela aitzinatu du. Elkarrizketa osoa jarraian entzungai duzue.