Helburu zaharrak berrituz, 7 urte plazan bete ditu gaur Txingudiko pentsionisten mugimenduak

Koldo Nausia 2025ko urt. 13a, 15:02

Eusko Legebiltzarrean «gutxieneko pentsioa, gutxieneko soldatarekin parekatzeko» erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketari ekingo diote Bidasoaldean ere. Txingudiko Pentsionisten Plataformak San Juan plazako gaurko kontzentrazioan jakinarazi duenez, EAE mailan bildu nahi diren 120.000 sinaduretatik 5.000 Irun-Hondarribian jasotzeko asmoa dute. 

Zazpi urte bete dira gaur Txingudiko Pentsionisten Plataformak bere aldarrikapenak kalera atera zituela lehen aldiz. Garai haietan Espainiako Gobernuak egin nahi zuen pentsioen erreforma hein batean geldiaraztea lortu zuten, baina pentsio sistema publikoak bizi duen mehatsu etengabearen aurrean, astero-astero mobilizatzen jarraitu dute. Haatik, hasierako aldarrikapen nagusia ez dute oraindik lortu. Patxi Bengoetxea plataformako kideak dioenez, «borondate politiko falta agerikoa da, eta 2018an 1.080 euroko pentsio minimoa eskatzen hasi ginelarik, orain motz geratu da hori, eta gutxienekoa soldata minimoaren pareko izatea aldarrikatzen dugu».

Aldarrikatu eta borrokatu. Izan ere, abenduaren 24an ekin zioten EAE mailako pentsionisten antolakuntzatik Eusko Legebiltzarrean erregistratutako herri ekimen legegilearen aldeko sinadura bilketa, gutxieneko pentsioa, gutxieneko soldatarekin parekatu dezaten bertan bozkatua izan dadin. 120.000 sinadura bildu nahi dituzte, «alderdi politiko batek ere ez dezan proposamenaren aurka egin». Eta horietatik Irun-Hondarribian 5.000 biltzea espero dute. Horretarako aste honetan bilera irekia deituko dute aurki Irunen, eta mugimenduak urtarrilaren 13an zazpi urte betetzen zituen honetan, asteleheneroko San Juan plazako kontzentrazioan, hotz handiari aurre eginez, salda beroa banatuz ere gogoak berotu dituzte, abiatzera doazten kanpainaren berri emanez. 

Gaur salda beroa banatu dute hotzari aurre eginez, zazpi urte betetzen zituen egunean. 

Argitu dutenez, 2018an hasi zuten borroka bezain garrantzitsua da orain hasiko dutena. Zazpi urte hauetan, ibilbide luzea egin dute. Euskal Herri mailako plataforma desberdinak saretzea lortu baitute, eta euskal gobernuari pentsio sistema publikoaren defentsa egin dezan exijitzeko Gasteizera hirutan joan diren bezala, Madrilera ere jo zuten oinez 2019an, Espainiako hainbat plataformekin batera antolatutako zutabe desberdinetako martxan. Mobilizazioak ez dira falta izan Irunen astero. Baina «agintariek dena pribatizatu nahi duten bitartean, osasungitnza eta pentsio sistema publikoarekin negozio egin nahi dutela salatzeko eta denon eskubideak borrokatzen jarraitzeko kemena» agertu dute beti. 

Oraingo honetan, 2025 urtea estreinatu berria dela, «helburuak lortzeko bidea eta guri kasu egiteko zer egin behar dugun badakigu» ohartarazi dute, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aktibatu duten sinadura bilketa gure eskualdean bururaino eramango dute gutxiengo pentsioa, gutxieneko lanbide arteko soldatarekin parekatu dezaten Eusko Legebiltzarrean bozkatzera eman dadin. «Denok bizi baldintza duinak lortuko dugun urtea izango da, emakume eta gizon, gazte eta pentsionistak», azpimarratu dute San Juan plazako azken elgarretaratzean.

Zentzu honetan, Xole Agirre plataformako kideak gogoratu nahi izan du, gaur egun prekarietate handia bizi dutela pentsionista askok. «Bakarrik Irunen, 1.000 pertsona baino gehiago daude 600-700 euro inguruko pentsioa jasotzen dutenak, gehienak emakumezkoak» ohartarazi du. Plataformak genero arteko arrakala salatu du berriz ere, eta gutxieneko pentsioa segurtatzeak, «prestazio urrienak dituzten pertsonak prekarietatetik atera eta bizitza duin bat» bermatzea dakarrela diote. Era berean, ohartarazi dute ez daudela oraingo pentsioen alde borrokatzen bakarrik, «ez dugu orain arte lortu gizarte osoa aktibatzea, gazteak ere, baina pentsioen sistema publikoa denon arazoa da, eta indarrak batu beharko genituzke eta aktibatu», adierazi du Patxi Bengoetxeak.