Bideoak

«Zazpi urte pasata 1080€ ez dira nahikoa, gutxieneko soldata nahi dugu gutxieneko pentsio gisa»

Aimar Lopez, Koldo Nausia 2025ko urt. 14a, 09:39

Asteleheneroko mobilizazioen zazpigarren urteurrena markatu zuen atzo Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak. Nahi baina lorpen gutxiagorekin, baina kemenez jarraitzen dute, Herri Ekimen Legegile berri bat sustatuz orain.

Zazpi urte bete ziren atzo Txingudiko Pentsionisten Plataformak bere aldarrikapenak kalera atera zituela lehen aldiz. Garai haietan Espainiako Gobernuak egin nahi zuen pentsioen erreforma hein batean geldiaraztea lortu zuten, baina pentsio sistema publikoak bizi duen mehatxu etengabearen aurrean, astero-astero mobilizatzen jarraitu dute.

Haatik, hasierako aldarrikapen nagusia ez dute oraindik lortu. Patxi Bengoetxea plataformako kideak dioenez, «borondate politiko falta agerikoa da, eta 2018an 1.080 euroko pentsio minimoa eskatzen hasi ginelarik, orain motz geratu da hori, eta gutxienekoa soldata minimoaren pareko izatea aldarrikatzen dugu».

Oraingo honetan, 2025 urtea estreinatu berria dela, «helburuak lortzeko bidea eta guri kasu egiteko zer egin behar dugun badakigu» ohartarazi dute, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aktibatu duten sinadura bilketa gure eskualdean bururaino eramango dute gutxiengo pentsioa, gutxieneko lanbide arteko soldatarekin parekatu dezaten Eusko Legebiltzarrean bozkatzera eman dadin. «Denok bizi baldintza duinak lortuko dugun urtea izango da, emakume eta gizon, gazte eta pentsionistak», azpimarratu dute San Juan plazako azken elgarretaratzean.

Zentzu honetan, Xole Agirre plataformako kideak gogoratu nahi izan du, gaur egun prekarietate handia bizi dutela pentsionista askok. «Bakarrik Irunen, 1.000 pertsona baino gehiago daude 600-700 euro inguruko pentsioa jasotzen dutenak, gehienak emakumezkoak» ohartarazi du.

Plataformak genero arteko arrakala salatu du berriz ere, eta gutxieneko pentsioa segurtatzeak, «prestazio urrienak dituzten pertsonak prekarietatetik atera eta bizitza duin bat» bermatzea dakarrela diote. Era berean, ohartarazi dute ez daudela oraingo pentsioen alde borrokatzen bakarrik, «ez dugu orain arte lortu gizarte osoa aktibatzea, gazteak ere, baina pentsioen sistema publikoa denon arazoa da, eta indarrak batu beharko genituzke eta aktibatu», adierazi du Patxi Bengoetxeak.