Mugaz gaindiko elkarlana bultzatzen hasi da Aurrera Negozio Kluba

Koldo Nausia 2025ko urt. 24a, 11:14

Aurrera Negozio Klubaren aurkezpenak 40 bat enpresa bildu zituen atzo Irungo FICOBAko Iñigo Lavado jatetxean. Mugaz gaindiko jarduera ekonomikoa egiten duten edo sustatu nahi luketen sektore desberdinetako enpresak batu nahi ditu ekimen honek, elkarren arteko ezagutzatik enpresen arteko sinergiak bilatuz. 

Elkartu eta harremanetan sartu orduko, Bidasoaren bi aldeetan aritzen diren enpresak haien eskarmentua partekatu dezakete hasiberri nahi dutenekin, eta haien artean proiektu berriak bultzatu edo harreman eta negozio aukerak abiatu ere. Administrazio eta araudi desberdinak, hizkuntzaren mugak, egiteko moldeak edota zuzenean mugaz bi aldeetako enpresa eta eragileen ezezagutzaren ondorioz, negozio aukerak galtzen ari direlakoan daude Aurrera Negozio Klubeko antolatzaileek. Hartara jarri dute abian ekimen hau. 

Aurkezpen ekitaldian izan ginen atzo, eta gehienak enpresa txikiak izanik, horietako ordezkari batzuekin mintzatu ginen, haien proiektu eta asmoekin interesatuz, beti mugazgaindiko ikuspegitik. «Kilometro gutxitan gaude eta askotan ez dugu elkarren berririk, baina eskualdean bertan hornitzaileak, bezeroak edota negozio proiektuetarako partaide berriak topa ditzakegu Hendaian, Urruñan edo Biriatun, eta ez dakigu», azpimarratu digu Hondarribian sortutako ELIKAFOODS enpresako Ion Elizaldek. Osasun eta kirolerako elikagai osagarri biologikoak saltzen ditu, baita beauty edertasun kosmetikoak ere. Sektore beretsuan dabilen EVOLUTION&SCIENCES COSMETIQUES Baionako enpresak ere bat egin du ekimenarekin. Elizaldek bezala pentsatzen du ere Lapurdiko Urketa herrian egoitza duen OSMOZ PAISAJISMO enpresako Sabrina Le Mauxek. BAB inguruetan lorategiak sortzen ditu ur-jauzi eta piszina naturalekin. Baina Hegoaldean lan egiteko gogoa badu. Hondarribiko ENDANEA da sektore bereko klubeko kide.

 

Enpresa ordezkariak mokadu baten inguruan elkartu ziren atzoko aurreneko topaketan, elkar ezagutzeko.

Urratsa eman nahi duten enpresari txikiak dira gehienak. Baita lehen sektorekoak ere. Irungo Olaberria auzoko Aramburu baserriko Oihana Rekaldek SAGARREK enpresa sortu du. Sagardotegiak hornitzeko euskal sagarra ekoizten du kudeatzen dituen 9 bat hektarea sagastietan, eta turismo berdea sustatzeko asmoa du ere, sagastietako ateak ireki eta bisitak antolatuz. Iparraldera ez du jauzia eman oraindik, baina «hurbil gaudenez, aukera berrietara irekia» dago. Irungo VENTANAS ARAMBURU enpresako Joseba Aramburu, aldiz, aspaldi dabil mugaren bi aldeetan. Ia bere jarduera osoa Iparralden egiten duela aitortu digu. «Hasieran zailtasunak izan genituen seguru eta baimenekin, baina aholkularitza egokiarekin orain lasai gaude, aski ezagunak gara Bidasoaz bestalde, eta beste enpresekin esperientzia partekatu dezakegu», dio. Interes berekoak dira PINTURAS RODRIGUEZ, ARIBIT CONSTRUCTION, ELECTRICIDAD MARTIARENA edota hiri-altzairu eta kirol jardueretan dabilen Miarritzeko FRONTPARK enpresa. 

Enpresari txiki hauek bezala, Aurrera Negozio Klubak sektore desberdinetako beste hainbat elkartu ditu helburu horrekin. Haien artean garbiketa sektorekoak, higiezin enpresak, mugaz gaindiko aholkularitza bulegoak, pintura, eraikuntza eta arkitekturakoak, edota Irungo CROWTEX eta ZEBRA zein Donibane Lohitzuneko KATXI CLOTHING jantzigintza sektorekoak bezalakoak. Bestalde, mugaz gaindiko harremanak suspertu nahi dituzten hainbat kirol klub ere; Bidasoa Irun, Real Union, Bidasoa Atletiko Taldea, Aviron Bayonnaise edota Biarritz Olympique besteren artean.

Atzokoa aurkezpen ekitaldia izan bada ere, urtean halako lau topaketa antolatzeko asmoa dute. Atzo bezala mokadu baten bueltan edo kirolari lotutako hitzorduetan adibidez. Haiekin bat egiteko atea irekia utzi dute, «kolektiboa handitu eta kooperazioaren bidetik garatzen eta aberasten segitzeko» helburua nabarmendu baitzuten aurkezpenean.