Amaia fontang - j'accuse

«Migranteak gaitz guztien hobendun egin nahi dituzte, etsaia bilakatu, baina guk harresi popularra behar dugu eman esateko ez dugula onartzen»

Koldo Nausia 2025ko urt. 25a, 08:00

Migrazio politika «arrazista eta hiltzaileak» salatu eta Korrikan 36 migratzaileri muga pasatzen laguntzeagatik auziperatutakoen kargugabetzea aldarrikatuko dute igandeko manifestazioan. Irungo Ficobatik Hendaiara abiatuko da 11:30ean, eta 50 eragile politiko, sozial eta sindikalekin batera, milatik gora lagun autoinkulpatu dira J’accuse kanpainaren baitan. 

Urtarrilaren 28an epaituko dituzten 7 ekintzaileen kargugabetzea aldarrikatzeko manifestazio handia espero dute igandean Irundik Hendaiarako bidean. Azaroan ekin zioten J'accuse autoinkulpazio kanpaina borobilduko dute horrela, eta manifestazioan ere izenpetu ahalko da. Ekimena sostengatzen duten eragileek jakinarazi dutenez, kanpainaren finantziaziorako diru bilketa hasiko dute, manifestazioan bertan eta baita crowfounding (diru bilketa herrikoia) bidez. 50 eragile politiko, sozial eta sindikalek bat egin dute J’accuse kanpainarekin, eta milatik gora herritar autoinkulpatu dira. Horietariko bat da Amaia Fontang, J,'Accuse kolektiboaren bozeramaleetako bat. Antxeta Irratian argitu du «desobedientzia ariketa» honekin Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu nahi dutela. 

Fontangek azaldu duenez, «autoinkulpazioek ez dute pisu juridikorik, baina ez du bakarrik balio sinbolikoa, herritarren ekintza politiko bat da, kanpoko zein hemengo jendeak antimigratorioak diren politika horiek salatzeko, eta auziperatuek ere epaileen aurrean ideia hori azkarki defendatuko dutela». Izan ere, 2024ko Korrikaren egunean migrazio prozesuan ziren 36 lagunekin Santiago zubitik muga pasatzegatik epaituko dituzten ekintzaileen kargugabetzea aldarrikatzen dute.

Urriaren 1ean Hendaiako PAFen deklaratu ondotik, urtarrilaren 28an Baionako epaitegian muga legez kanpo trebeskatzen lagundu izana eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote. «Frantzian paperik gabeko pertsonak diruaren truke muga pasatzen laguntzea delitua da, eta talde antolatu gisa, terroristak bailiran epaitu nahi dituzte, baina jakina da ehunka lagun gaudela giza eskubideak bolondreski defendatzen», dio J'accuse kolektiboko kideak, «hau egiazko engaiamendu bat da erraiteko gu ere hor ginela, eta guk ere lagundu ditugula Korrikaren egunean euskararen alde korrika ari ziren ehunka jenderekin batera, eta ondoan ginen».

Migratzaileen ehiza

Horregatik, auziaren egunean Baionako epaitegian aurkeztuko duten autoinkulpazio zerrenda luzearen garrantzia balioan jartzen du. «Epaiketa tribuna bat bilakatuko da, eta hor ikusi beharko da egunero bizi dugun errealitate honi buruz epaileek zer dioten», azpimarratu du Amaia Fontangek. Auzibideak oihartzun handia izan du Euskal Herri osoan. Eta harridura sortu izanagatik ere, Europan eta Frantzian garatzen ari diren politika migratorio zorrotzak salatu, eta gaia mahaigainerat ekarri nahi dute igandeko manifestazioan.

Gutxienez 9 lagun hil dira Bidasoa ibaiaren muga zeharkatu nahian. Eta europar «migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak. «Afera honek argirat eman du hemen inposatu diguten muga bat dagoela, guk egunero trebeskatzen duguna, baina migranteek ezin dute, ez dira libreki ibiltzen ahal, migranteen ehiza antolatzen dutelako eta poliziaren presentzia handia izanik, muga lortzen duenak pasatzen, hartu eta berriz hegoalderat bidaltzen dute», salatzen du.

Politika antimigratorioak

Migrazioari buruzko Europako Paktoa laster indarrean egongo dela oroitarazten du Amaia Fontangek, eta iragartzen du «Europa harresi bat izango dela, migranteen eskubideak murriztuko ditu gehiago, migranteak gaitz guztien hobendun egin nahi dituzte, eta kanpotarra bilakatzen dute etsaia, guk harresi popularra behar dugu eman esateko ez dugula hori onartzen», zubiak eraiki eta giza eskubideak defendatu behar direla argituz.  

Hala ere, igandeko manifestazioan Frantziako Inmigrazio Lege berria ere salatu nahi dute. Europako kanpo mugetan «migratzaile pobreak ez sartzeko harresiak eta kontzentrazio esparruak» eraikitzen dituzten bitartean, Europa barruan mugitzeko ere, oztopoak jartzen dituelako Frantziak. «Eskuin muturraren idei usaintsu horiek ari dira zabaltzen, eta Darmanin Legea duela urte bat bozkatua izan dela, baina badakigu ez dutela bukatu, gogortu nahi dutela», ohartarazten du J'accuse kolektiboko kideak.

Horiek hala, igande hontako manifestazioak milaka migratzailek eta hauek laguntzen dituzten ehunka bolondresen errealitatea salatu nahi du, «mugak behin betiko irekitzea, eta guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzea» aldarrikatuz. Amaia Fontangek «isilean, informazio gehiegi eman gabe eramaten dituzten politika antimigratorioak borrokatzeaz» gain, giza eskubideen alde agertu nahi duen oro interpelatu du igandeko mobilizazioan parte hartzeko.