Dozenaka oihu eta aldarriren artean egin zuen J’accuse manifestaldiak atzo Irungo Ficobatik Pausurako bidea, Hendaian barrena. Mobilizazioa bihar Baionako epaitegian izanen den auzia salatzeko deitu bazuten ere, erdigunean migrazio politikak eman dituzte hastapenetik, eta horren irudi, manifestaldi hastapenean azken lau urteetan Bidasoa zeharkatu nahian zendu diren hamar lagunen izen-deiturak irakurri zituzten. Hain zuzen ere, Emile Zolak 1898an erabili zuen J’accuse formularekin, migratzaileen kriminalizazioa eta mugetako politika hilkorra dituzte akusatu manifestariek.
Azken hilabeteetan ehunka lagunek eta 80 kolektibok haien burua autoinkulpatu dute, antolatzaileek abiaturiko kanpainan, haiek ere migratzaileak laguntzearen errudun direla adieraziz. Bihar zazpi herritar epailearen aitzinetik pasako dira, 2024ko martxoan Korrika Irundik Hendaiara pasa zenean 36 migranteri muga zeharkatzen laguntzeagatik.
Egoera irregularrean ziren herritarrak frantses lurraldera sartzen laguntzea diete leporatzen. Akusazio zentzugabea J’accuse kolektibokoa osatzen duten antolatzaileentzat: “guretzat ez da deliturik, eta deliturik bada Euskal Herri osoa behar lukete inkulpatu baita kanpoko jende anitz ere”, Amaia Fontang eledunaren hitzetan.
Atzoko manifestaldiak Santiago zubia eta beraz, muga gurutzatu zuenean, Amnesty International erakundeko kideek suziri batzuekin berotu zuten giroa. Auzipetuei elkartasuna erakutsi dieten dozenaka kolektiboen artean da mundu mailako Gobernuz Kanpoko Erakundea, eta babesa erakusteaz gain, Bidasoa inguruan azken urteetan bizi den krisian hainbat urrats ere eman dituzte.
Edurne Etxebarria Amnestyko kidea da, azaldu duenez erakundearen frantses adarrarekin elkarlanean txosten bat egin zuten Bidasoko heriotzez eta haien jatorri eta ondorioez. Dokumentua Eusko Jaurlaritzari aurkezturik, orain atzokoa bezalako “kaleko ekintzak” egiten darraite.
Kolektiboetako ordezkariak ez ezik, hainbat norbanako ere banderolaren gibelean ziren. Marra Bilbon bizi den migratzaile senegaldarra da, bere migrazio bidean jaso zuen laguntzaren zati bat auzipetuei elkartasunean itzuli zien atzo. Baina batez ere, bera bezalako migratzaileek jasaten duten kriminalizazioa zuen jomugan: “Hemen naiz ezetza errateko migranteen kriminalizazioari, ezetza estigmatizazioari, ezetza heriotza politikei, eta baietz elkartasunari”.
Manifestaldi hasieran azken lau urteetan Bidasoa zeharkatu nahian zendu diren hamar lagunen izenak irakurri zituen Marrak. Berekin batera, migratzaile venezuelar baten hitzak ere aditu ziren bozgorailuetatik, frantses estatuari asilo politikoa lortzeko bideak errexteko eskatuz. François Bayrouren gobernuak asilo baimenak murriztea du helburu egun.
Azken hilabeteetan autoinkulpazioen bidez eta atzoko manifestaldian izan ziren 2.500 lagundik goraren babesarekin kontent, biharko epaiketari so dira orain J’accuse kolektiboko kideak. Bihar, arratsaldeko 13:00etan Baionako epaitegi aitzinean mobilizatzeko deia egin dute, auziperatuak babestu eta epaiketa bertan behera utzi dezatela galdegiteko.