Bot-ak, Interneteko itzalpeko eragileak

Aitor Errazkin 2025ko ots. 4a, 11:00

Gaurko Teknofrekuentzia irratsaioan, Interneten egunero topatzen ditugun programa berezi batzuei buruz hitz egingo dugu: bot-ei buruz, hain zuzen ere. Askotan entzun dugu "bot" hitza sare sozialetan, aplikazioetan edo albisteetan, baina... zer da bot bat?

Botak programak dira, eta atazak automatikoki egiteko diseinatuta daude. Izan ere, "bot" hitza "robot" hitzetik dator, kuriositate gisa! Bot sinpleenak, esaterako, edukien argitalpena jakinarazteko erabiltzen direnak dira; konplexuenak, berriz, adimen artifiziala baliatzen duten laguntzaile birtualak izan daitezke. 2023ko ikerketa baten arabera, kalkulatzen da Interneteko trafikoaren %50 makinek sortzen dutela, batez ere bot-ek.

Baina, guztiak berdinak al dira? Bot on eta erabilgarriak daude, baina baita bot gaiztoak ere. Sare sozialetan gero eta bot gehiago ari dira pertsonen itxura hartzen, eta adimen artifizialaren garapenarekin gero eta zailagoa da horiek identifikatzea. Kalkulatzen da Interneteko bot-en bi heren gaiztoak direla, eta iritziak manipulatzeko erabiltzen direla. Adibidez, Israelek Gazako sarraskia zuritzeko erabili ditu bot sareak. Kasu bitxi bat ere gertatu da: FactFinderAI izeneko bot batek Israelgo soldaduak "Apartheideko kolonizatzaile txuriak" gisa identifikatzen hasi da, bere programatzaileen aurka jardunez (Informazio gehiago hemen).

Nola identifika ditzakegu bot-ak? Badira zenbait pista: haien profilean interesak oso orokorrak izaten dira, argazkiak generikoak dira, eta sarritan adimen artifizialak sortutako irudiak erabiltzen dituzte. Lehen bot-ak identifikatzeko moduetako bat haien jarduera erritmoa zen, baina gaur egun ikasi dute publikazioen artean denbora tarteak uzten.

Gai interesgarri honi buruz gehiago jakiteko, hemen duzue 2024ko bot txarren inguruko txostena: Imperva - 2024 Bad Bot Report.