Hiru lan luzek, labur batek eta zuzeneko disko batek biltzen dute Izaki Gardenak taldearen ibilbidea, streaming plataformetan edo norberaren apalategietan begiratuz gero bederen. Haatik, hamahiru urtez hamaika kantu eder, lasai, mitiko eta gordinek entzuleen belarri eta bihotzak markatu dituztela zalantzarik ez da. Hendaian hasi zuen orain bi aste talde gasteiztarrak Oruberen aurkezpen bira, eta Antxeta Irratiko estudiotik pasatzeko aukerarik ere izan zuen Jon Basagurenek.
Urte luzeko geldialdia bertzeak bertze pandemiaren ondorio izan zela azaldu du gurean Basagurenek: 2020rako atzerrian kontzertuak prestatuak zituzten, baina osasun egoera zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten. “Publikoa eserita eta distantzia mantenduz ere kontzertu batzuk” eskaini zituzten, baina ez ziren gustura aritu plaza horietan, eta “taldea gelditzea” erabaki zuen orduan Basagurenek. Itzultzekotan, musika berriz kargatua eta “aho-gustu txar hori ahantzita eta beste energia batekin” itzuliko zirela argi zuten. Sei urteren ondotik, hemen dira: Orube entzunik, argi da, energiaz beterik.
Dena Oskol, Zauriei miazka, Bigarren eskuko loreak, Oasia eta Baleak kantuak eskaini zizkigun Jon Basagurenek. Azken dozena urteko doinuen bilduma, Orube lan berrikoak dira Zauriei miazka eta Bigarren eskuko loreak. Akustikoan jo zituen Antxeta Irratiko estudioan kantuok, Izaki Gardenak oholtzan bost laguneko pop-rock banda bada ere ahots eta gitarra soilarekin beti ere ederki entzunen delako. Orri buruko bideoan ikus eta entzungai duzue kontzertua, jarraian, berriz, Jon Basaguren eta Maia Muruagak izandako elkarrizketa osoa.