18.000 pertsona bildu ziren pasa den larunbatean Iruñean, Lekarozko Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko egin zuten manifestazio nazionalean. Euskal Herriko txoko desberdinetatik ailegatutako jendea bildu zen bertan, Aroztegiko auzia babestera, baita herrialdean zehar irekita dauden bertze auziak babestera ere. Epaitegietatik hasi eta Sarasate pasealekurainoko ibilbidea osatu zuen manifestazioak. Azken puntu horretan, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideek hartu zuten hitza eta bertaratutako jende uholdea eskertzeaz gain, borrokak aitzinera segitzen duela azpimarratu zuten. Maiatzaren 19tik 23ra izanen dute epaiketa eta bitartean, indarra egiten segituko dute, Nafarroako Gobernuak UGEPa geldi dezan, Aintzane Ariztegi Aroztegia Elkartasun Komiteko kideak aipatu bezala.
Euskal Herriko kolektibo eta erakunde andana batek egin zuen bat larunbatean Iruñean, Aroztegiko auziperatuei babesa emateko. Baztan-Bidasoaldeko Ernaiko kideak ere bertan izan ziren. Eskualdekoak izanik, bereziki ukitzen dituen auzia da hau, kontuan hartuta auziperatutako lau kide Ernai erakundekoak ere badirela oroitarazi zuen Luken Urtxegi Bortzirietako Ernaiko kideak.
Maiatzaren 19tik 23ra ospatuko da Aroztegiko 7 auziperatuen epaiketa. Zazpi herritarrei zuzendutakoa baldin bada, herri oso baten kontrako auzia dela oroitarazi zuten bukatzeko, eta indarra egiten segitu behar dela, lurraren aldeko defentsa kriminalizatu ez dezaten eta hau aurrekari bat bilakatu ez dadin.