Irungo herriak ordainduta 1915. urtean inauguratu zen Avenida Zubiak, ordu arte Bidasoaren gaineko muga zeharkatzeko zegoen Behobia-Pausukoari alternatiba emateaz gain, 1936. estatu kolpearen ondorioz, Pikoketa eta Punttasen tropa frankistak aurrera zihoazela ikusita, Irundik Hendaiara ihesean jo zuten milaka irundar eta hondarribitarren erbesterako bidea izan zen.
Intxorta 1937 elkarteak egindako ikerketen arabera, 1936ko abuztuaren 30etik aurrera, eta bereziki irailaren 4an eta 5ean, "Caproni 101" hegazkinen bonbardaketetatik ihesean gutxienez 1.600 haur irundar eta 600 hondarribiarrek zeharkatu zuten zubia, eta 1937an irundarren %40a Frantzia eta Herri Katalanetan errefuxiatuak jarraitzen zuten. Ihesaren lehen egunetan, Hendaia, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Donibane Lohizunen 5.000 lagun jaso zituzten herritarrek haien etxeetan.
Hau kontuan hartuta, eta Avenida Zubiak bizi izan dituen hainbat gertakari historikoengatik, Espainiako Gobernuak "Oroimen Demokratikorako Leku" izendatzea erabaki du, «topaketa diplomatikoen, eta gerra eta bakearen topagune sinboliko gisa». Joan den larunbatean, Memoria Demokratikoaren Legearen 49. artikulua eta Irungo Udalak 2024ko ekainaren 14an egindako eskaerari men eginez, Fernando Martinez Lopez Memoria Demokratikoaren estatu idazkariaren bisitarekin ospatu zuten izendapena.
Irungo Udalak Irun eta Hendaia lotzen dituen 112 metro luzeko zubi honen garrantzia historikoa balioan jarri nahi izan du azken urteetan. 2020an mugako pasabidea zaharberritu zuen 2 milioi euroko inbertsioa eginez. Lan horietan, zubiaren egitura metalikoaren elementuak zaharberritu zituzten, baita hondatuen zeuden piezak ordezkatu ere.
Izendapena kamuts
Aldiz, izendapena ebazteko arrazoi historikoak gehiago zorroztu zitezkeela uste dute Bidasoaldeko memoria elkarteek. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak balorazio «gazi-gozoa» egin du. Balioan jarri du zubiak jaso duen izendapena, baina honen berri ematen duen ebazpenaren «testuinguru eta arrazoi historikoak kamuts» geratu direla salatu du. Batetik, erbesteratuen entrega jaso arren, aipamen hau ezagunak diren eta II. Errepublika garaian ardura politikoak izan zituzten hautetsietara mugatzen delako. Elkarteak oroitarazi duenez, Maëlle Maugendre historialariak bere tesian argitu zuen, estatu kolpearen ondoko urteetan, gutxienez 151.000 lagun Avenida Zubia bortxaz zeharkatzera behartuak izan zirela, ondoren Pequeña Velocidad bezalako Irungo bost kontzentrazio esparruen sistemaren gatibu izateko.
Bestetik, ebazpenak ez du inolako aipamenik egiten III. Reich-eko ordezkariek zubian zuten kontrol eta eskumenaz. Kepa Ordoki elkarteak gogoratzen du, Irungo komandantzia militarrak Alemaniako Bulego Militar propioa zuela, eta Avenida Zubitik inpunitate osoz jarduten zutela nazien SS milizia parapolizialek.
Era berean, izendapenaren ekimenaren ardatzak gaurkotasun begiradarik ez duela dio memoria elkarteak. Azken urteetan 9 lagunek Bidasoa zeharkatu nahian bizia galdu dutela gogoratu dute, eta Avenida Zubian egindako kontrolak eta ezarritako hesiek mugimendu askatasun eza eragin dutela. Eta 1975-2025 urteen artean, aldiz, izendapena jaso berri duen zubia Estatu terrorismoaren adibide diren Triple A, Batallon Vasco Español eta GALen lekuko izan dela, besteak beste.