manu eizagirre - balazta elkartea

«Pozik gaude bidegorri puska berriarekin, baina Plaiaundira iritsiz gero zer dagoen badakigu, Hondarribiko lotura falta da»

Koldo Nausia 2025ko ots. 4a, 09:46

Atzo inauguratutako egurrezko pasabidearen balorazio «gazi-gozoa» egin du Balazta elkarteak, ez duelako eskualdea ardazteko haien aldarrikapen historikoa asetzen. Santiago eta Plaiaundi lotu, baina Amuteraino iritsi gabe «inora ez doan bidegorri bat da, azkenean lotu gabeko puskak dauzkagu». Behin-behineko alternatiba seguru bat eskatu dute orain, GI-636 errepidea sahiesteko.  

Berez Hendaia, Irun eta Hondarribia lotzeko bokazioa duen Pierre Lotiko oinezko eta bizikletentzako pasabide berria inauguratu zuten Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udaleko ordezkari politikoek atzo goizean. Eta arratsaldean, oinez eta bizikletaz, jende andana batek egin zuen 1.200 metroko ibilbidea. Izan ere, egurrezko pasabide berriak eskaintzen dituen Bidasoa ibai bazterreko panoramikak gozatzeko gogoz batzuk, eta beste askok luzaz aldarrikatu duten Plaiaundiz gaindiko Irun-Hondarribia arteo bidegorriak jakinmin handia piztu du.

Baina hala iragarri bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak argiztapena instalatzea ez ezik, orotara 3,4 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Hondarribiarekin lotura falta du ere. «Espainiako ministerioaren zain» daudela aitortu du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailburuak inaugurazioan. 2023ko udazkenean esleitu zen Amuteraino lotzeko, Plaiaundi institutoaren albotik eta Plaiaundiko hezegunearen ertzetik aurreikusia duten Mendeluko zatiaren kontratua, baina ez zen inoiz izenpetu. Sailburuak iragarri duenez, bi aste barru bilduko da Madrilgo ordezkariekin hau adostu nahian. 

Oztopo bat gutxiago

Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak bere sorreratik aldarrikatu du Irun-Hondarribiko lotura. 2021eko otsailaren 19an Mendelu auzo elkartearekin batera Gipuzkoako Batzarretan izan ziren auzoa trebeskatzen duen GI-2134 errepideari alternatibak eskatzeko. Autoak agintzen duen lekua da, eta bertatik egunero pasatzen diren 8.000 ibilgailuen artean, elkarteak egindako neurketen arabera, egunero batez bestean 1.000 txirrindularien segurtasuna bermatuko duen bidegorri lotura ezinbestekotzat jotzen dute. 2021ean "Bidegorria Orain" kanpainari ekin zioten. Eta urte hartan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Plaiaundi-Mendelu arteko pasabidearen proiektua. Orain ireki berri duten pasabidearen bigarren fasea. Oraindik egin ez dena. 

Pierre Loti bidetik Plaiaundiko institutoan mozten da, momentuz, bidegorri berria. 

Horiek hala, agintariek emandako hitza «beti berandu betetzen» dela ohartuta, Balazta elkarteak atzo ireki zuten pasabidearen balorazio gazi-gozoa egiten du. «Bide honek asko laguntzen du, eta beharrezkoa zen trenbidearen azpitik pasatzeko. Asko pozten gara egindakoaz, baina jarraitu beharra dago, beste harri txiki bat besterik ez da», argitu du Manu Eizagirrek Antxeta Irratian. Izan ere, Balazta elkarteko kide honen arabera, «inora ez doan bidegorri bat da, azkenean dauzkagu lotu gabeko puskak eta sare bat osatzea falta da». Elkarteak salatu du proiektuak zentzu gutxi duela Amuteraino iritsi gabe, eta esperantza galtzen ez badu ere, «datozen urteetan bide osoa bukatua ikusteko aukera gutxi» ikusten du.

Aitzitik, Plaiaundiko natur eremua balioan jartzeaz gain, eta Irungo Santiago inguruak natur parkearekin eta Antzaran auzunearekin lotu baditu ere, orain emandako urratsarekin egoera ez da gehiegi aldatu eskualde mailako bizikleta desplazamenduei dagokionez. «Denok ezagutzen dugu Irun, Hondarribia eta Hendaian bizikletaz leku batetik bestera mugitu nahi dugunok zein den egoera dugun, orain ere, behin Plaiaundira iritsiz gero zer dagoen badakigu, Irunen bereziki errepideak, lehentasuna kotxea izan delako urtetan», dio Eizagirrek. 

Balazta elkartearen ustetan, Behobiatik Hondarribiraino Bidasoa bazterretik txirrindaz joan ahal izatea beharko luke helburua. 2013ko abenduan Hendaian ireki zuten egurrezko pasabideak Pausutik hondartzaraino lotzen dituen 10 kilometroen antzera, eta «eta Hendaiako pasabidea badakigu zenbat jendek erabiltzen duen».

Sahiesbidea sahiesteko eskaera

Momentuz, aldiz, 1.200 metroko Pierre Lotiko oinezko eta bizikletentzako pasabidea berria «urrats garrantzitsua» bada ere, ondoren «bi aukera besterik ez dauzkazu, edo Pinudi aldera igotzen zara eta malda ez da makala, edo sahiesbidera jotzen duzu» ohartarazi du Eizagirrek. Bidegorri berriak txirrindulari askok Hondarribiko zatia egin bitartean GI-636 sahiesbidean sartzeko gonbidapen arriskutsua ez ote den ere kezka piztu baitu. «Ez dut erraza denik esaten, baina behin-behineko alternatiba bat pentsatu beharko lukete», eskatu du Balaztako kideak.

Momentuz egurrezko pasabideak ez du argiztapenik, baina aldundiak aurki instalatuko du. 

Zentzu honetan, elkarteak argi du Irungo Udalak joan den ekainean onartu zuen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planean (HMJP) zehaztu zen moduan, Plaiaundiko institutu ataritik Irungo erdigunera eta Zubi-muxuko biribilgunera lotura egitea presazkoa dela. Cristina Laborda alkateak atzo aditzera eman zuen «aurreikusia dagoen bezala egingo dela», baina inguru horretan dagoen «trafiko handiagatik lana konplexua» aitortu du. Aldiz, HMJPean «epe laburreko» ekimen bezala katalogatua dago, «autoen trafikoa murrizteko eta bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin». Balazta elkarteak ez du zalantzan proiektu hauek guztiak egingo direnik, baina hauek azkartzeko borondate politikoa eskatzen dute. «Egunen batean iritsiko da, beharbada, eskualdean bizikletaz modu egoki eta seguruan mugitzeko aukera», desiratzen du Manu Eizagirrek.