Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak abiatu duen ILP edo pentsio minimoaren aldeko Herri Ekimen Legegilea bultzatzeko sinadurak jasotzeko kanpainari ekin diote Irunen eta Hondarribian. EAE mailan jaso nahi dituzten 120.000 izenpeduretatik 5.000 Bidasoaldean lortzeko erronka onartu du Txingudiko Pentsionisten Plataformak. Abenduaren 24an ekin zioten berez, EAE mailako pentsionisten antolakuntzatik Eusko Legebiltzarrean erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen aldeko lanketa. Eta eskaera hau bozkatua izan dadin herritarren babes ahalik eta handiena eskuratu nahi dute, «alderdi politiko batek ere ez dezan proposamenaren aurka egin».
Plataformako Xole Agirrek eta Patxi Bengoetxeak azaldu dutenez, 2018an 1.080 euroko pentsio minimoa aldarrikatzen hasi ziren kaleetan mobilizatzen. «Madrilera ez ezik, Gasteizera gutxienez 8 alditan» jo dutela gogoratzen du Xolek, baina ez dutela deus lortu. Eta zazpi urteren bueltan aldarrikapena «motz» geratu denez, orain gutxieneko pentsioa soldata minimoaren pareko izatea aldarrikatzen dute. «Irunen bakarrik 1.000 pertsona daude 600-700 euro arteko pentsioa jasotzen dutenak, eta gehienak emakumezkoak dira, hemen andreen eta gizonezkoen artean arrakalarekin arazo larria dago, eta horregatik gaude plazan astelehenero», dio plataformakideak.
Herri Ekimen Legegile honi esker Pentsioen Osagarria Bermatzeko Neurriak aplikatu nahi dituzte, eta horren arabera, EAEko 100.000 pentsiodunek 1.134 euro arteko osagarria jaso dezaketela oroitarazi dute, haien artean gehienak emakumeak.
Gaur egungo pentsio sistema publikoaren aldeko borrokak, etorkizuneko prekarietatea sahiestu dezakeela sinestuta daudenez, sinadura bilketa kanpaina hau orain arte egindako ekimenik handiena bilakatzea nahi dute. Patxi Bengoetxeak pentsionistak ez ezik, langile herritar guztiak animatzen ditu sinatzera. Izan ere, «hau denon arazoa da, oraingoena eta geroko ere gazteek bat egiten ez badute jai dugu guztiok», ohartarazi du.
Sinadurak Irunen eta Hondarribian
Kanpaina hasiberri dutela, Hondarribian gaur ekin diote sinadura bilketari Santa Maria ateaurreko Damarri plazan 10:30etik 13:00era. Eta larunbatean, San Pedro kalean egingo dute ordutegi berean, bietan, baserritarren azoka denboran. Hondarribiko pentsionisten taldeko kideek argitu dutenez, momentuz hala egingo dute, baina eguraldi txarra egingo duen egunetan Eroskiren atarian jarriko dira.
Irunen, aldiz, joan den astelehenean hasi ziren sinadurak biltzen San Juan plazan astero 12:00etan egiten duten kontzentrazioa aprobetxatuz. Baina hortaz gain, larunbatero Urdanibia plazako azokan egongo dira 10:00etatik 12:00etara Sarjia parkean sarreran.