Anbulategi berriak errealitate bilakatu artean, itxaron-zerrendak arintzeko neurriak eskatu ditu Osasun Bidasoak

Antxeta Irratia 2025ko ots. 14a, 12:34

Oinaurre eta Irun-Erdiguneko osasun zentroak eraiki bitartean, kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako gaur dauden itxaron-zerrenda luzeegiak arintzeko neurriak eskatu dituzte. Ospitalean egingo duten 15 milioi euroko inbertsioari dagokionez, «gaur egungo beharrei erantzuteaz gain, arazoak epe luzera konpontzeko aukera galdu da» plataformaren ustez. 

Osasun Bidasoa Plataformak Osasun Sailak urtarrilaren 29an eskualdeko osasun azpiegituren hobekuntza proiektuak aurkeztu ondoren, emandako hitza eta hartutako konpromisoa bete egingo duelakoan, konfiantza egin nahi dio Eusko Jaurlaritzari. Alberto Martinez Osasun Sailburuak Bidasoko ospitalera egindako bisitan jakinarazi zuenez, Irungo Oinaurreko osasun-zentro berria 2026an eraikitzen hasiko da, eta 2028an amaitzea aurreikusten dute. Eta Irun-Zentrorako 8.000 metro koadroko eraikin berri bat eraikitzeko konpromisoa hartu du Osasun Sailak. Bidasoa Institutoaren aparkalekuan egingo dute, eta 2029 urtean inauguratzeko asmoa adierazi zuen.

Haatik, Osasun Bidasoa plataformak, hobekuntzak egin bitartean Irun-Zentroko barrakoiak kentzeko eskatu du, baita horretarako beharrezkoa den Irungo Udalak utzitako lokala atontzeko ere. Plataformak oroitarazi duenez, «etorkizuneko proiektu eta konpromiso guztien gainetik, kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron-zerrenda luzeegiak izaten jarraitzen dute gaur egun Bidasoaldean». 2025eko urtarrilaren 26an bildutako datuen arabera, traumatologiari dagokionez, itxaron-zerrenda bikoiztu egin da, eta 199 egunekoa den bitartean, dermatologian 115 egunekoa da, eta errehabilitazioan 103 egunekoa. Argitu dutenez, kolonoskopia, gastroskopia edota otorrinoarekin hitzordua hartzeko, aldiz, bi hilabete baino luzeagoa da itxaron-zerrenda.

Ospitalean aukera galdua

Bestalde, Bidasoa ospitalean eraikitzen hasi diren eraikin erantsiari dagokionez, 15 milioi euroko inbertsioa egingo du Osasun Sailak. Erietxeko jardun medikua ukituko ez duen berritzearekin hasi da prozesua, sei kirofano eta suspertze unitate berri baten eraikuntzarekin. Lore Bilbao osasun administrazio eta finantzaketako sailburu ordeak argitu duenez, zerbitzu hauek bigarren solairuan kokatuko dituzte, egun administrazioak hartzen duen eremuan. Azken egunetan hasi diren lanei esker, administrazio saila eraikin berri batean kokatuko dute, aparkalekuaren ondoko lursail batean. Eraikin berria ekainerako prest izatea aurreikusten dute, bloke kirurgikoaren lanak udazkenean hasi eta 2027ko uda alderako bukatuz. Eusko Jaurlaritzako osasun sailak finantzatuko du lanen 15 milioi euroko kostua.

Baina lan hauek ez dute Osasun Bidasoa plataformaren eskaera asetzen. Haien arabera, 1.500 metro koadro baino ez dira irabaziko, eta 2011n eraiki zen ospitaleko zatirik berriena eraitsiko dela gogoratu dute. Osasun Sailak gaur egun ospitalearen bigarren solairuan dagoen kirurgia-bloke berria eraikitzea erabaki badu, horretarako 21 oheko ospitalizazio-unitatea itxi dela oroitarazi dute. Eta diotenez, «ez da bermatzen kendutako 21 oheak berreskuratuko dituztenik». Plataformak argi dauka, «1989an inauguratutako ospitaleak sakoneko handiagotzea eta birmoldaketa behar dituela. Eta haien ustez, gaur egungo beharrei erantzuteaz gain, arazoak epe luzera konpontzeko aukera galdu da».