Bi osasun zentro berri eta ospitaleko bloke kirurgiko berria: lau urtez luzatuko da Bidasoaldeko ESIaren berregituratzea

Aimar Lopez 2025ko urt. 29a, 10:30

Eskualdeko erietxearen gaitasun handitzeak, Oinaurreko osasun zentroaren eraikuntzak eta Irun erdiguneko anbulategi berriak osatzen dute 2029ra arte luzatuko den berrantolaketa fasea. Ospitaleko administrazio sailarentzako eraikin berriaren lanak hasiak dira; egun administrazioa den lekuan 6 kirofano berri izanen dira.

“2029rako eskualde honetan osasun zentro eta zerbitzu guztiak modu egokian egongo dira”: Lore Bilbao osasun administrazio eta finantzaketako sailburu ordearen hitzak dira. Alberto Martinez sailburuak errandakoaren haritik, hiru osasun azpiegituraren eraikitze edo berritzea izan baita hizpide gaur goizean Irunen.

Irun eta Hondarribiko Udalek eta Osasun Bidasoa plataforman bildutako sektoreko profesionalen aspaldiko eskaeren haritik, azken hilabeteetan solasaldiak ildo onetik doazela baieztatu du gaurko agerraldiak. Izan ere, Bidasoako ospitaleko jardun medikua ukituko ez duen berritzearekin hasiko da prozesua, sei kirofano eta suspertze unitate berri baten eraikuntzarekin.

Erietxeko bigarren solairuan kokatuko dituzte hauek, egun administrazioak hartzen duen eremuan. Azken egunetan hasi diren lanei esker, administrazio saila eraikin berri batean kokatuko dute horretarako, aparkalekuaren ondoko lursail batean. Eraikin berria ekainerako prest izatea aurreikusten dute, bloke kirurgikoaren lanak udazkenean hasi eta 2027ko uda alderako bukatuz. Eusko Jaurlaritzako osasun sailak finantzatuko du lanen 15 milioi euroko kostua.

Osasun etxe berriak, bata bertzearen gibeletik

2026 bukaeran hasi nahi dituzte Oinaurre auzoko osasun zentro berriko lanak; 2027an berriz Irun Erdiguneko anbulatorio berrikoak. Irungo Udalaren eta Jaurlaritzaren artean urte luzeko hika-mikaren ondotik, erakundeen arteko elkarlana “ondo” doala ziurtatu dute osasun saileko arduradunek. Izan ere, heldu diren urteetako plan hau garatzeko aurreakordioa heldu diren asteetan izenpetzeko asmoa dutela azaldu du Alberto Martinez sailburuak. Oinaurren hartaz 4.000 metro karratuko gunea 2028rako martxan izanen da.

“Eskualdeko 100.000 herritar ingururen beharrei behar bezala erantzuteko”, Irun erdigunean anbulatorio berri bat ere eraikitzeko asmoa dela adierazi du gaur sailburuak. Egungo erdiguneko osasun etxetik metro gutxira, Bidasoa institutuaren aparkalekuan kokatu nahi dute 8.000 metro karratu inguruko zentro berria. Sailburuak zehaztu du oraindik bertan zer espezialitate kokatuko diren erabaki gabe dutela, baina azkar ari direla zehazten, eta heldu diren asteetan zirriborroa zehatzago bilakatuko dela.

“2025a bulkadaren urtea izatea nahi genuke, Bidasoaldea gure lehentasunen artean dago”

Erdiguneko anbulatorio berriaren proiektuaren lizitatzea aurtengo udazkenerako berantenik egin nahi du Osasun Sailak, obrak 2027 hasieran abiatu eta 2029rako bukatze aldera. Hala, 2027an erietxeko bloke kirurgikoa, 2028an Oinaurreko osasun zentroa eta 2029an Irun Erdiguneko anbulatorio berria prest lirateke. Aurten abiaturiko lanak denak, “bulkadaren urtea” Alberto Martinezentzat, eskualdea Osasun Sailaren “lehentasuna” baita.